Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Michelin multinazionalaren lantegian greba egin dute gaur ere, hitzarmen hobe bat eskatzeko. Joan den ostiralean hasi ziren lanuzteekin, eta, gaur, egun osoko greba egin dute alor guztietan. LABek adierazi du goizeko eta arratsaldeko txandetan grebaren erantzuna «%100ekoa» izan dela, eta, beraz, ekoizpena geratzea lortu dutela. Zuzendaritzak biharko 9:00etan biltzeko deia egin dio enpresa batzordeari.
Goizean goiz hasi dira protestekin. 05:00etan lantegiaren atarian geratu dira, eta elkarretaratzea egin dute. Ondoren, Donostiara joan dira, eta auto karabana zaratatsua egin dute. Hurrengo txanda aldaketan, eguerdian, lantegiaren atarian egin dute elkarretaratzea berriro, eta 18:00etan manifestazioa egitekoak dira Lasarte-Oriako kaleetan. Azken txanda aldaketan ere protesta egingo dute atarian.
Hitzarmena berritzeko proposamen berbera egin zuen zuzendaritzak bai Lasarte-Oriako plantan, eta baita Gasteizkoan ere, alde handi batekin: Gasteizko planta, Espainiako birekin batera, lantegi arteko batzorde batean dago, eta, joan den astearen amaieran Gasteizko langileek hitzarmena berritzeari ezetz esan bazieten ere, hiru lantegien baturan baiezkoa atera zen. Lasarte-Orian enpresa batzorde propioa dute, eta bertako sindikatuek (LAB, CCOO, UGT eta ELA) hasieratik esan diote ezetz hitzarmen berriari, eta greban ari dira oraindik ere.
Enpresa batzordearen arabera, zuzendaritzak hitzarmena berritzeko proposamen bakarra egin du orain arte, eta dio ez duela ulertzen zuzendaritzak zergatik ez duen deitzen negoziazio mahaiko beste bilera batera. Joan den ostiralean biltzeko gonbita egin zion batzordeak zuzendaritzari, baina ezezkoa izan zen erantzuna. Hala ere, bihar dira biltzekoak, zuzendaritzak 09:00etan jarri baitie hitzordua sindikatuei.