ERREFUXIATUEN NAZIOARTEKO EGUNA

EBko migrazio eta asilo politiketan «bi jokabide kontrajarri» erabiltzea kritikatu dute GKEek

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna den honetan, UNHCRk ohartarazi du inoiz baino errefuxiatu gehiago daudela munduan: 35,3 milioi. Horietatik %75 errenta baxu eta ertaineko estatuek hartzen dituzte.

Indonesiako zenbait ekintzaile, errefuxiatuen aldeko kartelak dituztela, atzo, Jakartan. BAGUS INDAHONO / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko ekainaren 20a
13:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

GKE gobernuz kanpoko erakundeak kezkatuta daude Europako migrazio politikaren noraezak izan duen bilakaera ilunagatik. Izan ere, deitoratu egin dute EB Europako Batasunak Ukrainako errefuxiatuei egindako harreran eta Mediterraneoa zeharkatuta iritsi diren migratzaileekin erabiltzen dituen «neurri kontrajarriak». Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna den honetan, GKEek ohartarazi dute inoiz baino errefuxiatu eta desplazatu gehiago daudela munduan; 110 milioi pertsonak ihes egin behar izan dute, besteak beste, Palestinako, Sudango, Siriako edo Ukrainako gatazketatik, baita klima aldaketaren eraginez jasandako ondorioengatik ere, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako datuen arabera. Horiek horrela, migrazio politikak malgutu ditzala eskatu diote EBri, errefuxiatuak Europara iritsi ahal izateko eta nazioarteko babesaren eskaera eskuratzeko.

Ikusi gehiago: NBEren arabera, 110 milioi desplazatu daude munduan: inoiz baino gehiago

2022aren amaieran, 35,3 milioi errefuxiatu zenbatu zituzten mundu osoan, hau da, aurreko urtean baino zortzi milioi gehiago, eta 2011n baino hogei milioi gehiago, UNHCR-ren arabera. Errefuxiatu guztien %80tik gora bost herrialde hauetakoak izan ziren: Siria (6,5 milioi), Palestina (6 milioi), Ukraina (5,7 milioi), Afganistan (5,7 milioi) eta Venezuela (5,5 milioi). Nazioarteko zuzenbidearen arabera, errefuxiatuek beren jatorrizko herrialdeetatik ihes egitera behartuta dauden pertsonak dira, jazarpenaren, eta beren bizitzarako edo askatasunerako mehatxu larri baten ondorioz, besteak beste.

Gaur-gaurkoz, Turkiak hartzen ditu munduko errefuxiatu gehienak, ia 3,6 milioi pertsona baitaude han babes bila. Europako herrialde horren atzetik dago Iran, 3,4 milioirekin, eta, ondoren, Jordania, hiru milioirekin. Nazioarteko babesa behar duten errefuxiatu eta pertsona guztietatik %75 errenta baxu eta ertaineko estatuek hartzen dituzte, eta %70 auzoko herrialdeek. «Asko haizatu den erretorika nagusia da errefuxiatu guztiak herrialde aberatsetara joaten direla. Hori ez da egia. Guztiz aurkakoa da», adierazi du Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatari Filippo Grandik. Hamar errefuxiatutik bat palestinarra da.

35 milioi errefuxiatuez gain, ia 75 milioi pertsonak etxetik ihes egin behar izan zuten iaz; horietatik 62,5 milioi barne desplazatu daude; 5,4 milioi asilo eskatzaile; eta 5,2 milioi nazioarteko babesa behar dutenak. Orotara, mundu osoko desplazatuen kopurua 110 milioira igo da gutxienez. Kopuru hori beste modu batera irudikatzeko, desplazatuek herrialde bat osatuko balute, munduan biztanle gehien izango lituzkeen hamalaugarren estatua litzateke.

Harrera «selektiboa»

Save the Children GKEak salatu du EBk harrera «selektiboa» egiten diela gatazkatik ihes egiten dutenei. Izan ere, GKEaren esanetan, klub komunitarioak «azkar» jardun zuen zortzi milioi errefuxiatu ukrainar —horietatik %40 haurrak— hartzeko orduan, eta nabarmendu du EBko kide diren estatuetako gobernuek «ahalegin handia» egin dutela aldi baterako babesa eskatu duten bost milioi ukrainar ingururi laguntza emateko. Dena den, oroitarazi du kopuru hori, zehazki, 2015ean eta 2016an EBn asiloa eskatu zuten 2,5 milioi lagunen bikoitza dela, Siriako errefuxiatuen fluxua asko handitu zen urteetan.

«Krisi horren erantzuna disfuntzionala izan zen kasurik onenean, eta krudela txarrenean. Adingabeek EBn asiloa eskatzeko duten aukerak murrizteko neurriak ezarri zituzten, eta gehiago zorroztu dituzte: iritsi zirenak geldiarazteko eta beren sorterria uzteko asmoa dutenek atzera egiteko», adierazi du Jennifer Zuppirolik, Save the Childreneko haur migratzaileetan adituak.

IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak egindako zenbaketaren arabera, iaz 3.499 pertsona hil ziren Mediterraneoan itsasoan, eta 1.215 Ozeano Atlantikoan. Zerrenda beltz horretara gehitu dira, hain zuzen, iragan astean Greziako kostaldean ontzi bat hondoratu ondotik topatutako 81 gorpu ere. Kostazainek ehun lagun inguru erreskatatu dituzte, eta bizirik ateratzea lortu duten zenbaiten arabera, 700-800 migratzaile zeramatzan itsasontziak. Nazio Batuen Erakundeak gogoratu du bostehun bat pertsona desagertuta daudela oraindik. Bide horretan, Nazio Batuen Erakundeak atzo eskatu zuen iker dadila Greziako Gobernuak hondamendia nola kudeatu zuen.

Ikusi gehiago: Ikerketa batek zalantzan jarri du Greziako kostazainek hondoratzearen aferan emandako bertsioa

Ikerketarekin lotuta, gaur goizean eraman dituzte Kalamatako fiskaltzara joan den astean atxilotutako bederatzi lagun, hondoratutako arrantzontziarekin harremana dutelakoan; migratzaileen trafikoa eta «talde kriminal bateko» kide izatea egozten die, baita errefuxiatuen bizitza «arriskuan» jarri izana ere. Atxilotutako bederatziek ukatu egin zuten atzo iheslarien trafikoaren sare bateko kide izatea.

«Bide legalak, benetakoak eta seguruak»

Accem, Espainian asilo eskatzaileen harrera kudeatzen GKEa, kezkatuta azaldu da estatuko indarrek egiten dituzten muturreko praktikengatik; hala nola, indarkeria erabiliz, muga zeharkatu ez dezaten. Hain justu, Accemek orain urtebete Melillako (Espainia) sarraskia ekarri du gogora: Rabaten arabera, gutxienez 23 pertsona hil ziren Espainiko eta Marokoren arteko muga zeharkatzeko saiakeran. Zenbait GKEk, ordea, baieztatu zuten 37 migratzaile hil zirela, baita 70 lagun desagertu zirela ere. Erresuma Batuko BBC irrati-telebistako kazetari talde batek tragediari buruzko ikerketa bat egin zuen, eta ondorioztatu zuen Marokoko Gobernuak ez ezik Espainiakoak ere erantzukizuna izan zuela gertakari hartan.

Ikusi gehiago: Espainiako Fiskaltzak itxi egin du Melillako heriotzen inguruko ikerketa

EBren migrazio eta asilo politikak zorrotzak direla eta, GKEek eskatu diote klub komunitarioari ezar ditzala «bide legalak, egiazkoak eta seguruak», errefuxiatuak Europara iritsi ahal izateko eta nazioarteko babesaren eskaera eskuratu ahal izateko. Horrekin lotuta, galde egin diote enbaxadetan eta mugako postuetan asiloa eskatu ahal izatea, giza korridoreak ezartzea eta familia elkartzeko aukerak malgutzea. Halaber, gizarteratzeko programak indartzeko neurriak eskatu dituzte, baita aldi baterako babeserako zuzentaraua aplikatzeko ere, Ukrainakoa bezalako gerra testuinguruetan.

Europarlamentuko ordezkaritza bat, Lampedusan

Italiako Lampedusa uhartera heldu zen atzo Europako Parlamentuko ordezkaritza bat, bertako agintariekin eta beste alderdi batzuekin Mediterraneoko errefuxiatuen erreskateen erronkei buruz eztabaidatzeko. Ostegunera arte izango dira han. Eurodiputatuek aztergai izango dituzte lehorreratze jarduerak eta Italiako uhartera iristen diren migratzaileen harrerako baldintzak, Europako Parlamentuak ohar batean jakinarazi duenez. Lampedusan izango diren lau egunetan, ordezkaritza osatzen duten hamaika eurodiputatuek bilerak egingo dituzte Italiako itsas salbamenduko agintariekin, tokiko agintariekin, Frontex Mugak eta Kostaldea Zaintzeko Europako Agentziako ordezkariekin eta GKEekin.

Bisita hori, hain zuzen, EBko asiloaren eta migrazioaren arloko lege esparrua erreformatzeko testuinguruan egin da. Talde komunitarioaren migrazio ituna joan den astean adostu zuten, herrialde gehienen babesarekin; Hungariak eta Poloniak bakarrik bozkatu zuten aurka. Beraz, Budapestek eta Varsoviak euren jarrerari eutsiz gero, 20.000 euro ordaindu beharko dizkiote funts komunitario bati, migratzaileak hartzeari uko egiten dioten pertsona bakoitzeko. Behin ituna EBko estatuen artean adostuta dagoela, europarlamentuan negoziatzen hasiko dira. Elkarrizketa horietatik aterako dira behin betiko lege testuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA