Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburu Nerea Melgosak zahar etxeak arautzeko dekretua moldatzeko agindua onartu zuen joan den astean, eta EH Bilduk dekretu berri horren inguruko balorazioa egin du gaur Eusko Legebiltzarrean. Besteak beste, zera salatu du: EAEko zahar etxeek Espainiako Estatukoek baino baldintza okerragoak izango dituztela.
Hain zuzen, iaz, Gizarte Zerbitzuen eta Autonomia eta Mendekotasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluaren akordioa onartu zuten Espainiako Estatuan –kontra bozkatu zuen Jaurlaritzak, argudiatuz eskumen propioak zituela–. Zerbitzuen kalitatea bermatzeko irizpide komunak jasotzen ditu akordio horrek, eta, EH Bilduren ustez, Jaurlaritzaren dekretu berria akordio horren «egokitzapen kaskar bat» baino ez da.
Nerea Kortajarenak hartu du hitza Eusko Legebiltzarrean; haren arabera, testuak «mami gutxi» du, eta ez da egin sakoneko aldaketarik –2019an onartu zuen Jaurlaritzak zahar etxeetako dekretua; eta, orain, hori moldatzeko erabakia hartu du, azaleratu diren hainbat gabezia tarteko–: «Aldaketa gutxi planteatzen dira, eta uste dugu Madrilen adostutakoak behartuta egin dituztela horiek, era traketsean. Dekretu berrian Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoitzei eskatzen zaizkien betebeharrak Madrilen onartutakoaren azpitik geratzen dira». Horiek horrela, azaldu dute litekeena dela sei urte barru EAEkoak izatea Espainiako Estatuan artarik txarrena duten zahar etxeak: «Larria da».
EH Bilduk prozesua ere kritikatu du, eta adierazi ez dela egon eztabaidarako abagunerik. Jakinarazi du komunikabideen bidez izan zutela aldaketaren berri. «Plazaratu eta egun batzuetara igorri zuen Jaurlaritzak. Hori ere esanguratsua da».
Dekretuaren inguruko balorazioa egitean, hainbat puntutan jarri du arreta Kortajarenak. Besteak beste, testuan egoitza berriei jarriko zaien muga jasotzen da: ezingo dituzte 150 egoiliar baino gehiago hartu. EH Bilduren arabera, baina, 2019ko dekretuan ere hori bera planteatzen zen. «Egoitzak 25 laguneko arreta eta zaintza moduluetan antolatuko direla ere esaten da. Kontua da Madrilgo akordioak gehienez 120 plaza aurreikusten dituela (75 landa eremuetan eta 90 dentsitate ertaineko zonetan), eta hamabost laguneko elkarbizitza modulua».
Esan dute ratioen inguruan ere ez dagoela aldaketa nabarmenik, eta gogorarazi hori dela zahar etxeetako arazo nagusietako bat; hor ere, Madrilen ezarritakoak baino txikiagoak izango dira langileen ratioak: «Hau bereziki larria iruditzen zaigu, pandemian argi geratu baitzen pertsonal gutxiago zuten zentroetan heriotza tasa handiagoa zela, eta hori egiaztatzen duen txosten bat ere bai baitu Jaurlaritzak». Behin dekretua onartuta, egoitzek sei urte izango dituzte aldaketetara egokitzeko, eta zera gaineratu du Kortajarenak: «2029rako gainontzeko erkidegoek adostutakoa beren arauetara eramaten badute, EAEko egoitzek estatu osoko atentziorik okerrena izango lukete».
Horiek kontuan izanda, azalpenak exijitu dizkiote Melgosa sailburuari. «Zahartzen ari den gizarte bat da gurea, eta bizitza luzatzearekin lotutako erronkek neurriak hartzera behartzen gaituzte». Zaintza sistema publiko komunitario baterako trantsizioa egin behar dela aldarrikatu dute. «Egoitzetako egoera ez da jasangarria».
Hala, zahar etxeen aferari irtenbidea bilatzeko, beharrezkotzat jo dute zenbait eragileren parte hartzea bermatu eta guztien arteko eztabaida sustatzea: «Adostu behar dugu adinekoen egoitzen eredu berria. Herri eztabaida bat behar dugu, eta denon parte hartzeak bermatua egon behar du».