Uztailaren 23ko hauteskundeetarako Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako zerrendaburuak Yolanda Diaz koalizioko presidentegaiarekin batera izan dira gaur: Gustavo Presa, Lander Martinez eta Pilar Garrido. Bizkaiko zerrendaburu Martinezek nabarmendu du «Euskadin harro» daudela «proiektu aurrerakoi eta eraldatzailea» abiatu delako: «Proiektu horretan parte hartuko dugu, hurrengo hamarkadari eta herri proiektu bati begira». Martinezek azpimarratu du «euskal hautesle guztientzako programa bat» dela Sumarrek duena, «herritarren zerbitzura dauden politika publikoak bermatzen eta bultzatzen dituena». Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik proiektu hori «bultzatzeko» eskatu du, «politika horiek gobernura eramateko eta Yolanda Diaz presidente bihurtzeko».
Bizkaiko hautagaiak azaldu du, era berean, Sumarren proiektua ez dela sigletan oinarritzen, «proposamen zehatzetan baizik». Bizitzaren kostua merkatzeko Sumarren proposamenak gogoratu ditu, hipoteken alorrean, erosketa saskiari begira eta alokairuen auzian, adibidez. «Ezin dugu ahaztu Yolanda Diazek gobernuan egindako lana, Euskadiko pertsonen eskubideak zabaltzearen alde: lan erreformak eman du modua Euskadin enpleguan errekorra egon dadin, langabezia 2007tik izan den apalena izan dadin eta aldi baterako kontratazioa gutxienekoa izan dadin, batez ere emakumeei eta gazteei egonkortasun handiagoa emanez».
Martinezek erantsi du «erakutsi» egin dutela badakitela «gauzak beste modu batera egiten» eta «enpatiaz gobernatzen», benetako helburua garbi edukita: «jendearen bizitza hobetzea».