Zigor ekonomikoa ezarri diote Hazparneko (Lapurdi) Ttattola gaztetxeari. Baionako Auzitegiak erruduntzat jo du 2021eko agorrilean etxebizitza bat okupatzeagatik epaitu zuten gaztetxeko kidea. 600 euroko isuna ezarri diote, horietarik 400 euro gibelapenarekin –bost urtean maila bereko beste delitu bat egin ezean ez ditu ordaindu beharko–. Horrez gain, 6.200 euroko kalte ordainak pagatzera zigortu dute: 2.600 euro abokatu gastuengatik, 1.578 euro okupatu zuten etxebizitzako sarraila aldatzeko gastuengatik, eta 2.000 euro kalte moralagatik. Ttattola gaztetxeko kideek elkarretaratzea eginen dute 19:00etan Hazparnen, epaia salatzeko.
Yolanda Molina defentsako abokatua haserre mintzatu da. «Hau sos afera bat da. Ez dut deus sinesten. Ez dator bat errealitatearekin, ez da erreala», deitoratu du. «Kalte moralak ez dira existitzen. Hau sos afera bat besterik ez da. Penagarria da horretara iristea». Julen Vrignon gaztetxeko kideak ekintzaren zilegitasuna defendatu du, eta gaztetxeak jaso duen zigorra salatu: «Guretzat gogorra da: ez genuen horrelakorik espero». Elkartasunerako deia egin die herritarrei.
2021eko agorrilean Hazparneko Davidenia etxea okupatu zuten gaztetxekoek, Ttattola zenaren falta adierazteko —jabeak urte bereko urtarrilean berreskuratu zuen aurreko egoitza— eta Hazparneko etxe hutsen kopurua salatzeko. Egoitza berriaren jabeak hala galdeturik, astebetera jaso zuten kanporatze agindua. Hilabete inguru iraun zuten han, jendarmeek kanporatu zituzten arte.