Europako Parlamentuko batzorde batek baztertu egin du natura leheneratzeko legea gaur, Ingurumen Batzordeko eurodiputatuek Europako Batzordearen proposamenari egindako aldaketei ezezkoa eman ostean. Ingurumena biziberritzeko lege proiektuaren helburua da 2030erako ekosistemen %20 leheneratzea, baina EAP Europako Alderdi Popularra legearen aurka azaldu da, «lehen sektore osoaren, nekazarien, abeltzainen eta arrantzaleen kontra» doalako. Bozketa oso estua izan da: 44 legegilek bozkatu dute alde, eta 44k kontra. Beraz, ez batak ez besteak gehiengorik lortu ez dutenez, Europako Parlamentuaren osoko bilkuran bozkatuko dute lege proiektua, uztailaren 11n. Onartzen bada, legea hiru aldeko negoziazioetara igaroko da, europarlamentuaren, gobernu nazionalen eta Europako Batzordearen artean behin betiko testu bat adosteko.
Europako Batzordeak duela urtebete onartu zuen natura leheneratzeko lege proposamena, Europako Itun Berdearen eta biodibertsitatearen estrategiaren helburuei jarraituz. Haren arabera, EB Europako Batasuneko habitaten %80 baino gehiago egoera «kaskarrean» daude, eta lurzoruen %70etik gora «osasungarritasunik gabe; zohikaztegiak, larreak eta dunak dira kaltetuenak, nagusiki. Ondorioz, «urtean 1.250 milioi euroren galerak» izan ditu nekazaritzak. Hori nahikoa ez, eta natura babesteko eta zaintzeko iraganean egindako ahaleginek ez dute lortu joera «kezkagarri hori» gainditzea. Horregatik, lehen aldiz, natura zaintzeko eta leheneratzeko neurri eraginkorrak plazaratu ditu Ingurumen Batzordeak.
Hain zuzen, helburu eta betebehar zehatz batzuk jasotzen ditu, juridikoki bete beharrekoak direnak batzordeak zerrendatutako ekosistema bakoitzean natura leheneratzeko, nekazaritza lurretatik eta basoetatik hasi eta itsasoko, ur gezako eta hiriko ekosistemetaraino: indarreko legedian oinarritutako helburuak —hezeguneak, basoak, belardiak, ibaiak eta aintzirak, txilardiak eta sastrakak, habitat harritsuak eta dunak—, intsektuen polinizazioa, baso ekosistema, hiri ekosistema, nekazaritza ekosistema, itsas ekosistema, ibaiaren konektibitatea.
2030erako EBko landa eremuen %20 eta itsas eremuen %20 leheneratzeko neurriak ezarri nahi ditu, Europako Batzordeak hala proposatuta. Hori bai, azken helburu nagusi bat du: 2050erako gutxienez %90 leheneratzea. Dena den, estatu kideek salbuespen bat ezarri dute sedimentu bigunetako habitatak dituzten itsas eremuetarako; ehuneko txikiagoa aplikatu ahal izango dute helburuetarako, eta, beraz, ez lukete 2030eko beteko xedea. Horrez gain, EB osoan 2030erako pestizida kimikoen erabilera %50 murriztea ere jasotzen du legeak.
«Naturaren hobekuntza, ukaezina»
Legearen alde dauden talde parlamentario batzuek esan dute bat egiten saiatuko direla «konpromiso akordio bat» lortzeko, europarlamentuko osoko bilkuran bozketa egin aurretik. «Lege honen bidez, janariaren segurtasuna eta naturaren hobekuntza ukaezina bermatzen ditugu, nekazarien, abeltzainen eta arrantzaleen mesedetan», adierazi du legearen negoziatzaile parlamentario nagusi Cesar Luenak.
EAP, berriz, kezkatuta azaldu da legeak nekazariei «kalte egingo» dielako eta janariaren segurtasuna «arriskuan» jarriko duelako. Gainera, Irlandako eta Belgikako gobernuek legea kritikatu dituzte, eta ohartarazi EB «arau gehiegi» ezartzen ari zaiela industriei.
Hala eta guztiz ere, EBko herrialdeek natura babesteko legeari buruzko jarrera bat adostu zuten joan den astean. Zenbait helburu malgutu zituzten, eta EBri diru gehiago eskatu zioten nekazariei natura leheneratzen laguntzeko.