EHZ

Aurtengo EHZ izanen da Irisarriko azkena

Ostiraletik igandera bitarte eginen dute EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 27. aldia; laugarren aldia izanen du Irisarrin. Iragarri dute heldu den edizioa «beste nonbait» eginen dutela. Oraindik ez dute zehaztu non.

2022ko EHZko irudi bat. PATXI BELTZAIZ
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko ekainaren 28a
10:39
Entzun

Narrastiek larru zaharra uzten duten gisa berean erantzi du azala EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalak. Jaialdiak 27. edizioa izanen du asteon, eta hori izanen da Irisarrin (Nafarroa Beherea) eginen den azkena. Antolatzaileek gaur eman dute aldaketaren berri, eta jakinarazi dute jaialdiak gogoeta aldi bat hasiko duela, hurrengoa non egin erabakitzeko. Halaber, aurrerantzean beste gazte talde batek hartuko du festibalaren gidaritza. «Lekukoa pasatzeko unea da», zehaztu du EHZko kide Julen Oiarburuk. Irisarriri agur esateko, egitarau mardula antolatu dute ostiraletik igandera bitarterako.

Gaur plazaraturiko oharrean, antolatzaileek azaldu dute EHZ «bidaia bat dela», eta, beraz, iritsia dela Irisarriko zikloa ixteko garaia. Edonola ere, argitu dute oraindik ez dagoela zehaztuta hurrengo edizioa non eginen den: «Ez dakigu oraino zein izanen den gure hurrengo geltokia. Baina segur gira EHZak segituko duela. 1996an abiatu zen bidaia bat da EHZ, edonondik heldu den edonorentzat euskararen munduan barneratzeko bidaia bat».

Aurtengo EHZren leloak ederki biltzen du garai aldaketaren ideia: Etengabe azalberritzen. Gainera, lehendik ere, jaialdiak hainbatetan egin du ariketa hori; trajea estu sentituta, aldaketa premian, zazpi aldiz aldatu du agertokia. 1996an antolatu zen EHZ lehenbiziko aldiz, Arrosan, eta bertan eman zituen ondoko zazpi urteak ere. Gero, lekualdatu, eta Indauze-Mendik hartu zuen festibala bost urtez, Mendikotan. Ondotik, Heletan egin zen, lau aldiz, 2009tik 2012ra, eta Lekornen, aldiz, 2013tik 2017ra —2017koan, jarduera gehienak bertan behera gelditu ziren, eguraldiagatik—. 2018an, ordura arteko formatua aldatuta, EHZ Nomada antolatu zuten, eta hiru herritan aritu ziren: Baigorrin, Baionan eta Itsasun. Ordutik, 2020an salbu —ez baitzen izan jaialdirik, pandemiagatik—, Irisarri izan da EHZren etxea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.