Kultur hezkuntza

Musikariak Ikastetxeetan programa etetea erabaki du Nafarroako Gobernuak, inolako azalpenik eman gabe

Antolatzaileek joan den ostiralean jaso zuten jakinarazpena, posta elektronikoz.

Jon Basaguren musikaria, 2018an, Zizur Nagusiko instituko ikasleekin. IÑIGO URIZ / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko ekainaren 28a
10:42
Entzun

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak 2018an abiatu zuen Musikariak Ikastetxeetan programa, 14 eta 18 urte bitarteko ikasleen artean euskara eta kultura bultzatzeko helburuarekin. Joan den ostiralean, baina, egitasmoa etetea erabaki zuen Nafarroako Gobernuak, aurrez inolako azalpenik eman gabe: antolatzaileek jakinarazpen bat jaso zuten posta elektronikoz.

«Injustizia» gisa salatu du egoera Gotzon Barandiaran proiektuaren sortzaile eta koordinatzaileak: «Posta elektronikoz bota digute jakinarazpena: inork ez digu azalpenik eman, ez da egon inolako harremanik gure artean». Ordutik, Hezkuntza Departamentuarekin harremanetan jartzen saiatzen ari dira antolatzaileak, baina ez dute erantzunik jaso: «Programa bat-batean zergatik eten duten jakin nahi dugu». Era berean, «begirune falta» agerikoa dela salatu du: «Egin dugun lanarekiko errespetu gutxi erakutsi dute. Aldebarkatasunez hartutako erabakia da, eta kaltetu handiena euskal kulturgintza da».

Programaren bitartez, euskal kulturaren transmisioa hezkuntzan formalizatzen ahalegindu dira urte hauetan guztietan. Nafarroako A eta D ereduko ikastetxeek parte hartu dute egitasmoan, eta eragile guztiek balorazio «oso ona» egin izan dutela nabarmendu du Barandiaranek: «2018tik hona harrera oso ona izan dugu ikasleen aldetik, irakasleen aldetik eta sortzaileen aldetik. Saio oso emankorrak izan dira, eta ez dugu ulertzen zergatik eten duten».

Emanaldi horietan, kontzertu txiki bat emateaz gain, sortzaileak euskal kulturaren inguruan mintzatzen zitzaizkien gazteei. Amaieran, galderetarako tarte bat ere uzten zen, ikasleekin hartu-eman zuzena sustatzeko helburuarekin. Aitzindari izan zen egitasmoa Euskal Herrian, eta egitasmoak Nafarroan izandako harrera ikusita, Eusko Jaurlaritzak proiektua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetara hedatzea erabaki zuen 2021. urtean.

Konpromiso falta

Musikariak Ikastetxeetan programaren ordez, Solaskide izeneko egitasmoa martxan jarriko dutela jakinarazi dio Nafarroako Gobernuak Euskadi Irratiari. Hezkuntza Departamentuko kideen arabera, hobeto egokitzen baita curriculumera. Barandiaran ez da ados agertu: «Musikariak Ikastetxeetan programa erabat lotuta dago curriculumari: ikasleen garapen integrala sustatzen du. Ez dago arrazoi pedagogikorik proiektu hori bertan behera uzteko». Horrez gainera, epeak ere ez dira egokienak, Barandiaranen arabera: «Gobernu berria osatu aurretik hartu dute erabakia, sanferminen aurretik. Ez dago ezertarako tarterik».

Programa martxan jarri zenean, Ana Unanue zen Euskara Ataleko Didaktika eta Sustapen bulegoko burua. Gogor kritikatu du erabakia, eta interes falta nabaritu du saileko kide batzuen aldetik: «Mingarriena egiten zait ez dela egin inolako ahaleginik programari eusteko. Saiatu beharra zegoen, erresistentzia pixka bat egin».

Halaber, halako egitasmoek nerabeengan duten «eragin positiboa» nabarmendu nahi izan du irakasleak: «Halako inguru erdaldunetan, euskara ez da oso erakargarria nerabezaroan. Euskal kulturaren transmisioa egitea oso garrantzitsua da, eta halako jardueren bitartez ikasleek erakusten dute gogoa eta interesa badagoela».

Catalan, begiradapean

Aferaren harira, hainbat izan dira Musikariak Ikastetxeetan programari babesa eman dioten sindikatuak. Tartean, LAB, ELA eta Steilas. Erabakiaren inguruko azalpenak «lehenbailehen» emateko eskatu dute guztiek. Steilasek, esate baterako, halako programen garrantzia azpimarratu du: «Euskal kulturaren transmisioak horrelako programa gehiago behar ditu, irakasleok ikasgelan lantzen dugunaren osagarri baitira. Musikariak, idazleak, aktoreak eta bertsolariak gurekin behar ditugu Nafarroako ikastetxeetan». LABek, berriz, euskararen aurkako eraso gisa hartu du programa bertan behera geratu izana: «Euskararen kontrako erasoek jarraitzen duten bitartean aurrean izango gaituztela argi utzi nahi dugu berriz ere».

Nafarroako Gobernuko Eleaniztasun Zerbitzuaren aurkako kritikak, ordea, ez dira berriak: LAB sindikatuak joan den maiatzaren 19an eman zuen aferaren berri, Ignacio Catalan zerbitzuburuaren jarrera kritikatzen zuen ohar bat publikatuz: «Zuzendaritzak aspalditik erakusten duen euskararekiko mespretxuak lanpostu tekniko batzuk kentzea ekarri du, eta, orain, horri gehitu behar zaio geratzen zen lanpostu tekniko bakarra ataletik kanpo atera dutela». Unanuek berak ere kritikatu du zerbitzu buruaren jokaera: «Catalan ez da ez euskaltzalea ez euskarafoboa: bere nagusiek agintzen diotena da. Ez du kriteriorik».

Egoera salatzeko asmoz, ostiralean elkarretaratzea egingo dute, Nafarroako Gobernuaren aurrean, 11:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.