Finantzak

Euroguneko bankuek 477.000 milioi euro itzuliko dizkiote gaur EBZri

Likidezia beharrak gordailuen truke gehiago ordaintzera eraman beharko lituzke finantza erakundeak, orain arte ez baitute egin.

EBZren egoitza nagusia, Frankfurten. ROLAND WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 28a
11:58
Entzun

Ordainketa eguna da gaur euroguneko bankuentzat. 477.000 milioi euro bueltatu behar dizkiote gaur Europako Banku Zentralari, Euskal Herriko barne produktu gordina halako bost, gutxi gorabehera. Pandemiaren okerrenean maileguak eman ahal izateko asmoz EBZk utzitako dirua da, eta gehien-gehienek arazo handirik gabe itzultzea espero da.

Baina ikusmina herritarren patriketan izan dezakeen ondorioetan dago. Izan ere, EBZren laguntzarik gabe, likidezia behar duten bankuek ohiko bidera itzuli beharko dute dirua eskuratzeko, hau da, aurrezkia biltzera. Eta bide bat eta bakarra dago aurrezleak erakartzeko: interes handiagoak ordaintzea.

Koronabirusak ekonomia geratu zuenean, baina baita aurretik ere, EBZk gauzak asko erraztu zizkien bere eremuko bankuei, ahoskatzeko zaila den laburdura baten bidez: TLTRO edo Targeted Longer-Term Refinancing Operations. Hau da, epe luzeko finantzaketa operazioak. Nahi beste diru utzi zien, merke, bankuek nahikoa izan zezaten herritarrei eta enpresei maileguak emateko eta jarduera ekonomikoari eusteko.

Bere funtzioa bete du diru horrek, finantza krisirik ez baita izan eta bankuek ongi eutsi baitiote ekaitzari, maileguen truke interes tasa txikia jasotzen zuten arren. TLTRO enkanteen bidez dirua eskuratzeko EBZtik kobratzera iritsi ziren bankuak: —%1eko interesa izan zuen 2020ko ekaineko TLTROk, inoizko handiena, 1,3 bilioi banatu baitzituen.

Gordailuen interes txikiak

Baina orain testuingurua beste bat da. EBZk interes tasak bizkor igo ahala, bankuek ere azkar igo dituzte beren bezeroei kobratzen dizkieten interesak, eta beren irabaziak aise loditu dituzte. Motelago jokatu dute aurrezkiak saritzean, diru freskoaren beharrik ez zutelako. Horrela, apirileko azken datuek diote aurrezkien interesak %2,27ra baizik ez direla heldu eurogunean.

Baina kopuru hori are txikiagoa da Hego Euskal Herrian eta Espainian: soilik %1,33ko interesa pagatzen zuten aurrezkiaren truke. Kopuru hori handitzeko eskatu die bankuei Nadia Calviño Ekonomia ministroak, baina oraingoz entzungor egin diete erakunde handiek, oraindik likidezia handia dutelako. Erakunde txikiagoak edo Espainiako merkatuan sartu nahi duten atzerrikoak, ordea, hasi dira interes handiagoak eskaintzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.