Diru politika

EBZk %4ra jaso ditu interesak, eta iragarri du uztailean ere igoko direla

Christine Lagardek ez du argitu datorren hilekoa azken igoera izango ote den ala irailean beste bat izango den. Langileen soldaten eguneratzea inflazioa elikatzen ari dela ohartarazi du EBZk

jarraia229418.jpg
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 15a
12:47
Entzun

Helmugarako bidean, urrats txikiak. Interes tasak beste puntu laurden igo ditu Europako Banku Zentralak, %4raino, eta, inflazioa kontrolpean izateko igoera gehiago behar direla ziurtatu duenez, iragarri du «oso litekeena» dela uztaileko bileran beste hainbat jasotzea. Hortik aurrera zer egingo duen ez du argitu Christine Lagarde EBZko buruak, azken bileretan erabili duen formula berarekin: «Jasotzen ditugun datuen araberakoa izan da».

Datuek diote inflazioa behera egiten ari dela —urriko %10,6tik maiatzeko %6,1era—, baina oraindik oso urrun dagoela EBZren zenbaki kutunetik, %2tik. Horretara iristeko behar dena egingo dutela agindu du Lagardek.

Gaurko bileran interes tasek gora egingo zutela garbi zegoenez, bi zalantza baizik ez zeuden: zenbat igoko zituen, eta noiz arte. Puntu laurdenaren aldeko apustua «oso-oso adostasun zabalarekin» hartutakoa izan dela ziurtatu du Lagardek, baina hurrengo urratsak ezkutatu ditu. «Ez. Ez gara helmugara iritsi. Gehiago ezin dut esan».

Analistak bitan zatituta daude: uztailekoa azken igoera izango dela diotenak, eta irailerako beste bat espero dutenak. Uste horiek eragina dute maileguetarako gehien erabiltzen den indizearekin, Euriborrarekin. %3,965era iritsi zen atzo, eta agian gaur bertan gaindituko du %4ko muga.

Hazkundea eta soldatak

Analisten iragarpenak EBZko kontseiluko kideen adierazpenek baldintzatzen dituzte, eta haien artean berriro piztu dira usoen eta belatzen arteko borrokak. Lehenengoak, maileguak hainbeste garestitzeak ekonomia itoko duen beldur; bigarrenak, inflazioa orain ez itotzeak, egoera luzatuko den beldur. Azken horien artean, Isabel Schnabel alemaniarra: «Gutxiegi egitearen kostuak oraindik handiagoak dira gehiegi egitearen kostuak baino».

Kostuak ekonomiaren hazkundean neurtzen dira, eta EBZren beraren datuek diote interes tasak igotzeak familien eta enpresen eskaria apaldu duela, eta jarduera ekonomikoa txikitu dela. Atzeraldi teknikoan sartu da eurogunea —azken bi hiruhilekoetan %0,1 uzkurtu da—, eta urte osorako iragarpena pixka bat apaldu zuen atzo EBZk: %0,9 aurten, eta %1,5 datorren urtean.

Inflazioari dagokionez, kontrakoa egin du EBZk: gehiago espero du orain —%5,3 aurten, %3, 2024ean—, arrazoi bat dela eta: soldata igoerak. Aho txikiarekin, Lagardek aitortu du «sektore batzuetan» enpresen irabazi tarteak handiak direla, baina behin baino gehiagotan esan du orain inflazioa elikatzen ari dena soldaten eguneratzea dela, eta «oreka» eskatu die gizarte eragileei.

EBZk ia bilioi erdi euro jaso behar ditu bankuetatik

Ekainaren 28an amaitzen da epea euroguneko bankuek EBZri 476.800 milioi euroren maileguak itzultzeko. TLTRO programaren barruan utzitako dirua da, bankuek likidezia izan zezaten jarduera apaleko garaian eta pandemian. Diru hori gabe, bankuek beste leku batzuetara jo beharko dute likidezia lortzeko —gordailuak eta beste bankuen maileguak— eta horrek banku batzuk kinka txarrean utziko dituen ustea zabaldu du. Batez ere Italiako banku txikiek sortzen dute kezka.

Beldur horiek uxatu nahi izan ditu Christine Lagardek, esanez aspaldi jakina zen data zela eta bankuek astia izan dutela sor daitezkeen arazoei aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.