2020ko urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitutako greba orokorrean, hamar lagun atxilotu zituzten Iruñeko La Morea merkataritza gunean. Atxilotuen aurkako bi auzi abiatu ziren, eta horietako bat irekirik dago oraindik. Astelehenean epaituko dituzte duela hiru urte atxilotuetako hiru.
Agintaritzaren aurkako delitua eta desordena publikoak egotzita, bi delitu horietarako aurreikusitako zigorrik gogorrena proposatu du fiskaltzak —Sei urte alegia—. «Fiskalak ez du inolako akordiorik lortu nahi, hitz egiteko eskaera guztiei uko egin die, eta, eskainitako akordio bakarraren arabera, pertsona batek hiru urte eta erdiko zigorra eta beste biek bi urtekoa onartu beharko lukete. Argi utzi du bere helburu bakarra hiru pertsonak kartzelan sartzea dela», azaldu du atxilotuei elkartasuna adierazteko gazte mugimenduko kide Ander Barandiaranek.
La Moreako gertaerak
Egoera salatzeko, prentsaurrekoa egin dute gaur goizean, Iruñeko Katakrak liburu dendan. Gogora ekarri dutenez, greba egunean La Moreara joateko deialdia zabaldu zen, eta Guardia Zibilak liskarrak eragin zituen han. Pertsona bat atxilotu zuten. Grebalariak alde egiten ari zirela, foruzainak oldartu egin zitzaizkien, eta bederatzi lagun atzeman zituzten: lau La Morean, eta beste bost handik ihesi egiten ari zirenean. Azken horiek guardia zibilen esku utzi zituzten.
Atxilotuek ziegan eman zuten gaua, baita hurrengo eguna ere, eta aske geratu ziren gero, epaiketaren zain. Guardia Zibilen esku geratu zirenen auzia amaitu zen: sei hilabeteko zigorra eskatu zuten haientzat. Foruzainek atxilotutako lau lagunetatik hiruri, baina, orain egingo diete epaiketa. Irmo salatu dute fiskaltzak «neurriz kanpoko eskaera» egin duela.
Gazte mugimenduak testuinguruari erreparatu nahi izan dio. Gogora ekarri dute ez dela kasualitatea horrelako eskaerak egitea, «ezta poliziek gezurrez beteriko kontakizun irreal bat egitea ere, jazarpena justifikatu ahal izateko». Haien ustez, horren helburua da «herri mugimendua eta kolektibo politikoak desmobilizatzea, eta jazarpena erabiltzen dute mugimendua itotzeko, gelditzeko».
Azpimarratu dute, bestalde, isun ekonomikoak ere «gero eta handiagoak» direla, «ordainezinak gehienetan». Halere, nabarmendu dute ez dituztela geldiaraziko, zigor neurri horiek gorabehera.
Horregatik, garrantzitsua deritzote uztailaren 3an, hau da, astelehenean egingo den elkarretaratzera joatea. 11:00etan izango da. Barandiaranen arabera, elkartasuna azaldu nahi diete auzipetuei, eta adierazi ez daudela bakarrik. Zigor eskari hori bertan behera uztea exijituko dute.