CAFek 2019an Londresko Metroarekin (Transport of London) sinatutako kontratua handitzea lortu du, eta aurrez hitzartutako 43 trenei beste 11 gehituko zaizkie. 2019an sinatutako kontratua 350 milioi eurokoa izan zen, eta, kontratu berriarekin, beste 90 milioi euro handituko da hasierakoa.
DLR Docklands Light Railway linearako trenak dira; Londresko ekialdeko eta hego-ekialdeko auzo eta udalerriak hiriburuko erdigunearekin lotzen ditu, eta tren zaharrak ordezkatzeko dira gehienak. Bost bagoiko trenak dira, eta bereizgarri bat dute: gidaririk gabeko trenak dira.
11 unitate berriek hasierako kontratuko trenek baino gehigarri gehiago izango dituzte, hala nola unean-unean trena non dagoen eta bidaiaren egoera zein den jakiteko teknologia berriak.
Londresko Metroak azpiegiturak indartu nahi ditu, erdigunea inguruko auzoekin lotzen duten lineak bereziki. Izan ere, biztanleria handitzea da Londresen helburu handienetako bat, eta gaur egun urrun dauden edo iristeko zailak diren auzo eta udalerriak irisgarriago egin nahi dituzte. Bestalde, 2040rako bidaien %80 bizikletaz, garraio publikoan edo oinez egitea nahi du hiriak.
Erresuma Batua CAFen bezero handienetako bat bihurtu da, eta azken urteetan 2.500 milioi euroren kontratuak egin dituzte han, nahiz eta brexit-a tartean izan.