Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburu Nerea Melgosak zahar etxeak arautzeko dekretua moldatzeko agindua onartu zuen ekainaren 15ean. Sindikatuek eta egoitzetako senideen ordezkariek berehala azaldu zuten berritasun gutxi zekarrela testu berriak benetan adinekoen arta hobea bermatzeko, eta, gaur, ELA sindikatuak agerraldia egin du Donostian mezu hori bera berresteko: datuekin.
Bereziki aztertu dute ea ezarri nahi diren ratioekin zertan aldatuko den adinekoek jasoko duten arta zuzena, eta horra: aurkeztu dituzten kalkuluen arabera, dekretu berria ezartzen bada, zazpi minutu gehiago soilik eskainiko zaizkie mendekotasun apala duten adinekoei, eta 11 minutu gehiago oso mendekoei. Hazkunde oso txikiak direla uste dute, eta, horregatik, dekretu zirriborroa «erretiratzeko» eskatu dute.
«Dekretu zirriborroak ez ditu hobetuko EAEko egoitzetako lan baldintzak eta zerbitzua», azaldu dute sindikatuko ordezkari Aintzane Orbegozok eta Txomin Lasak, agerraldian. Aspaldi esaten ari dira adineko bakoitzak gutxienez bi orduko arreta zuzena izatea bermatu behar dela, oso mendekoena gutxienez hiru ordura hedatu behar dela, baina adierazi dute plazaratu diren zenbakiekin urrun daudela helburu horiek. Gaur aurkeztu dituzten datuen arabera, mendekotasun apaletan 61 minutuko arreta zuzena bermatuko da; zaintza handia behar dutenenetan, 97koa.
Ratioak zehazteko era
Arbuiagarritzat daukate ratioak «zehazteko» erabiltzen den bidea ere: izan ere, lanaldien arabera ebazten dira, eta, adibidez, langileen lan baldintzak hobetze aldera lanaldiak murrizten badira, egoitzetako egoiliarren zaintza denbora urritu egiten da logika horri atxikita. Beraz, halako egoera gaiztoak saiheste aldera, ratioak zehazteko modua aldatzeko eskatu dute; lanaldiaren arabera ezarri beharrean, haien ustez, erabiltzaile bakoitzak bere menpekotasunaren arabera behar dituen zaintza minutuak aintzat hartuta ebatzi behar dira.
Ezarri nahi diren ratio berriek aurrerabiderik ez dakarte ELAren arabera, eta areago: agerikoa da atzerapausoak izateko arriskua. Gipuzkoan, esaterako. «Zirriborroak aurreikusitako ratioa, lurralde horretan, duela hamazazpi urtez geroztik ezartzen dena baino %24 apalagoa izango da», adierazi dutenez.
Erizainena, «larria»
Dekretu zirriborroaren aurkako mezua ere eman dute, bide ematen duelako erizain laguntzaileek erizainen lanak egiteko, eta egoitzetan ez 24 orduz erizainen arta bermatzeko. «Jaurlaritzak aterabide hori eman nahi die azpikontratek erizainak aurkitzeko dituzten arazoei, nahiz eta, hain zuzen ere, lan baldintza kaskarrak diren arazoa», salatu dute. Egindako hautu hori «iruzur larria» dela pentsatzen dute.
Salatu dute, era berean, garbitasun eta sukalde zerbitzuetan oraindik ez dela ratiorik ezarri; gogoratu dute horiek ere «oso garrantzitsuak» direla arreta ona bermatze aldera.
Eskatu dute batzorde bat sortzeko sektoreko eragile eta langile guztiekin; haien iritziz, Jaurlaritzarekin batera, foru aldundiek, sindikatuek, sektoreko langileek eta senideen elkarteek parte hartu behar dute. Elkarrizketa horien bidez «gutxieneko» batzuk definitu behar direla uste dute, eta helburua dela egoiliar eta langileentzat baldintza «duinak» ziurtatzea.
Gogoratu dute ELAren xedea dela zainketa profesional «publiko, doako, unibertsal eta kalitatezkoen» alde egitea.