Baionan, banderen ehizan

Euskara eta ikurrinak presente izan dira Baionako iritsieran. Tentsio batzuk izan dira, mezu batzuk kentzen saiatu baitira zenbait polizia.

Ikurrinez jositako hainbat zale etapa jarraitzen, gaur, Baionan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko uztailaren 3a
19:02
Entzun 00:00:0000:00:00

«Eta batzuentzat berri on bat: Uztaritzeko bidea bukatua da». Irri karkailak eragin ditu Peio Hegik, astelehen arratsaldean, Tourreko hirugarren etaparen helmugan pantaila erraldoiari begira ari ziren euskaldunen artean. Lasterketako ohiko esatariarekin batera aritu da giroa animatzen, euskaraz, eta komentarioak ere araberan egin ditu, izan txirrindularien jatorriaz edo Tourra pasatzeak urteetan luzatutako obra batzuk bukarazteko duen gaitasunaz. Ahoz presentzia handia izan du euskarak bozgorailuetatik egin duten kontakizunean.

Ikurrinak ere ez ziren eskas. Azken metroetan lekua hartua zuten guziei banatu dizkiete Gure Esku-ko kideek. Poltsatik atera ahala herritar andana etortzen zitzaien eskean, edozein jatorritakoa izanik ere. «Lehen berrehun bat banatu ditugu, eta orain gehiago», zioen eguerdian militante batek, harriturik.

Euskal Herri osoko errepideak zeharkatu ditu aurten Frantziako Tourrak, eta Euskal Herria nazioartera zabaltzea jarri dute helburu instituzioek eta zenbait eragilek. Nazioartera zenbat iritsi den ezin jakin, baina Frantziako telebistan publikoan entzundako komentarioak deigarri egin zaizkie bati baino gehiagori, Euskal Herriaren eta euskararen izaera kontuan hartu baitituzte.

Mezu politikorik ez

Patxa plazan antolatu du festa Gure Esku-k. Egun osoko egitaraua antolatu dute, jatekoa, edatekoa, eta askotariko animazioak. Arratsalde hasieran, txaranga batek lagunduta abiatu dira kalejiran, ikurrinak eta Nafarroako banderak eskuetan zituztela. Askoren kuriositatea piztu du, bereziki nazioarteko telebistek lekua hartua duten Xaho plaza ingurutik pasatzean. Etaparen helmugara buruz joan ahala, jende gehiago txertatzen zitzaien taldera. Iritsi, ikurrinak atera, eta dozenaka esku luzatu zaizkie eskean.

Baina herritarrak ez dira izan banderen atzetik ibili diren bakarrak. Frantziako Polizia eta Jendarmeria mezu politikoa zeramaten banderak kentzen aritu dira. Lehen, lehengo astean Frantziako Poliziak hil zuen 17 urteko Nahel gaztearentzat justizia eskatzen zuen bandera baten bila joan dira. «Ez da horretarako lekua eta momentua», esplikatu dute agenteek, antolatzaileen eskaera bat zela erranez. Ondotik, euskal presoen etxeratzearen aldeko beste bandera bat kentzen entseatu dira. Tentsio momentu batzuk izan dira polizien jarreraren kontra protestan hasi direnekin, baina ez da istilurik gertatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.