Txupinazoa

Osasunari txalo, UPNri txistu

Osasunako presidente Luis Sabalzak jaurti du suziria txupinazoa. Ikurrina eta Nafarroako bandera presente egon dira plazan.

Ikurrina, presoen aldeko pankarta eta Nafarroako bandera, gaur, Iruñeko Udaletxe plazan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko uztailaren 6a
13:52
Entzun

UPNri aurpegian eztanda egin dio suziriak. Cristina Ibarrola alkate berriak ahaleginak eta bi egin ditu festen hasieraren xehetasun denak kontrolpean izateko: goizean goizetik, droneak eta helikopteroak zebiltzan Iruñeko Alde Zaharra zaintzen, inoiz baino polizia eta segurtasun neurri gehiago jarriak zituzten Udaletxe plazaren inguruko kaleetan, eta teilatuetan ere udaltzainak ikusten ziren, duela hamar urte ikurrin erraldoiarekin gertatutakoa berriz gerta ez zedin. Eta, hala ere, ez du lortu. Eskuinak ezin izan du galarazi ikurrinaren presentzia. Beste behin ere, herritarrek plazara eraman dute udaletxeko balkoian debeku dena: ikurrin, Nafarroako bandera eta euskal presoen aldeko pankarta erraldoiak zabaldu dituzte, 2023ko sanferminei ongietorria egiteko.

Eguerdirako minutu gutxi falta zirela, leporaino beteta zegoen plaza. Plastikozko sangria botila merkeak eta publizitate baloi handiak gora eta behera zebiltzan, jende olatuek kulunkatuta. Udaletxeko balkoiko ateak zabaldu direnean, orro egin du jendetzak. 11:58. Jendaurrera atera dira Osasunako ordezkariak: Luis Sabalza presidentea lehenik, eta Jagoba Arrasate entrenatzailea eta David Garcia eta Unai Garcia kapitainak gero. Txalo egin die jendeak, eta entrenatzailearen izena abesten hasi dira zaleak. UEFAren aurkako pankarta ugari ere atera ditu jendeak, Osasuna Konferentzia Ligatik kanpo utzi izana txarresteko: «UEFA = mafia», «Indartsu ahularekin, ahul indartsuarekin» eta «Justizia» irakur zitekeen.

Sabalzarekin eta Arrasaterekin batera, Ibarrola alkatea agertu da balkoian, irribarretsu. Txistuak ozendu egin dira orduan, gainerako zarata denak estali arte, eta plazan bildutako jendetza goizean gehien errepikatu den leloa oihukatzen hasi da: «UPN kanpora!». Argi eta ozen entzuten zen. Ibarrolak, alta, hasieratik erakutsitako irribarreari eutsi dio une oro. 11:59. Harekin batera, udaletxean izan dira talde politiko guztietako zinegotziak, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Unai Hualde parlamentuko presidentea, Alejandro Toquero Tuterako alkatea (UPN) eta baita Iruñeko alkate ohi Yolanda Barcina ere.

Ikusi gehiago:Txupinazoaren kontaketa, zuzenean

Eskuak gora. Zapi gorriak airera. 12:00ek jo dute udaletxeko erlojuan, eta ohiko diosala egin die Sabalzak bertaratuei, gaztelaniaz eta euskaraz: «Iruindarrok, gora San Fermin!». Bigarren zati bat ere gehitu dio oihuari, ordea: «Ez dugu amore emanen! Aupa Osasuna!». Metxa piztu, eta zerua urratu du suziriak. Pun! Algara batean bildu da plazako jendetza, txalo eta oihu artean. Talde gorritxoaren alde kantari hasi dira asko, baina ez dira alkateaz ahaztu: «UPN kanpora!» leloari lotu zaizkio berriro.

Piztu da festa Iruñean, hilaren 14ko gauerdira arte itzaliko ez den sua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.