LABek EHUko ordezkapen politika salatu du; sindikatuak uste du EHUko zuzendaritzak «bere erara» interpretatu duela LOSU Espainiako unibertsitate sistema lege berria, eta horrek irakasleen lan baldintzak eta irakaskuntza kalitatea «okertzea» ekarriko duela.
LOSUren 80. artikuluaz ari da sindikatua. Artikuluaren arabera, ordezkapen bat egingo duten unibertsitateko irakasleek ezingo dute ikertu edo egiturazko kudeaketa eta koordinazio funtziorik izan. Sindikatuak salatu duenez, EHUk artikulua baliatuz, «ordezkoen politika berri bat» ezarri du, eta arduraldi osokoak diren irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak bilakatuta. Aldaketak langileen lan baldintzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean eragingo luke.
LABek eskatu dio EHUko Errektoretzari ordezkapen guztiak lanaldi osoko kontratuekin betetzeko, eta lan karga kontuan izanik lanaldi partzialeko kontratuei «soldata duina» ezartzeko. Datorren astean errektoreordearekin bilera izango dute, eta ohartarazi dute, ordezkapen politika aldatu ezean, beste sindikatuekin harremanetan jarri eta mobilizazio kanpaina bat aurrera eramango dutela.
Langileei begira, adierazi du ordezko irakasleek jasoko duten soldata lanean izango duten zamarekiko apalagoa izango dela —soldata osoaren %34,29a, asko jota—. LABek nabarmendu duenez, eskolak eta tutoretzak soilik ordainduko dizkiete, eta «irakaskuntza kalitatea bera larriki okertuko da»; horrela, ez dute beharrezkoak diren beste lanak egiteko denborarik izango, klaseak prestatzeko, esaterako.
Bestalde, sindikatuak dioenez, irakasleak ordezkatu behar direnean, epe hori txikitzen saiatzen dira, «badakitelako sail eta jakintza arlo batzuetan gainzama dutela eta irakaskuntza gainkarga duten sailei plaza berriak ukatzen ari zaizkiela». Sindikatu abertzaleak dioenez, EHUko Errektoretzak esan die plan zuzentzaile bat egongo dela, baina ez dute «plan utopiko» horren berririk jaso.
Esan dutenez, EHUk irakasle-ikertzaileekin «inolako negoziaziorik egin gabe» ezarri du jada abian dagoen ordezkoen politika. Gaineratu dute horrek lan hitzarmena eta lan poltsen akordioa «larriki» urratzen dituela. Bide beretik, gogoratu dute orain dela gutxi ordezkapen poltsen deialdira ordezkapen osoak egiteko aurkeztu direla hainbat pertsona, «bizitza duinak» izateko asmoz, baina «iruzur» egin dietela.