Osasuna

Osasun arloko «murrizketak» bertan behera uzteko eskatu dute

Amara Berriko osasun zentroaren parean, Donostian, elkarretaratze bat egin dute gaur eguerdian; azken hilabeteotan gordindu diren arazoez ohartarazi dute

jarraia230744.jpg
arantxa iraola
2023ko uztailaren 15a
14:04
Entzun 00:00:0000:00:00

Olatu Txuria eta DOPA plataformek deituta, protesta egin dute gaur eguerdian Donostian, Amara Berriko osasun zentroaren parean, lehen arretan Osakidetzan egiten ari diren «murrizketen» kontra. Mobilizaziorako deia egiteko orduan ere adierazi zituzten hainbat datu kezkagarri, eta berritu egin dituzte gaur.Osasun profesionalen gabeziarekin lotuta daude, hein handi batean. «Ondarretako osasun zentroko arratsaldeko zortzi langileetatik bi aritu dira lanean. Donostialdeko ospitaletik kanpoko larrialdietako zentroetan, Zarautz, Donostia, Hernani eta Errenterian, sendagile askoren jardunak bete gabe geratzen dira, 429 gutxi gorabehera hiru hilabete hauetan; erizaina jartzen dute sendagilearen ordez».

Osasun profesionalen faltaren gaineko kezka aspaldikoa da lehen mailako arretan, baina, zenbait iturriren arabera, egoera bereziki gordindu da Aste Santutik hona, eta bereziki larria da etengabeko arreta guneetan. Osasun zentro horiek etenik gabeko arreta ematen dute, larrialdiei erantzuteko.

Mobilizaziora batu zaizkie Tolosaldea Osasun Publikoaren Aldeko kideak ere, pankarta batekin. Protestan, etengabeko arretako gune bateko erizain batek hartu du hitza, eta agerian utzi ditu zentro horietan eguneroko lanean dituzten zailtasunak. Sendagile faltaren ondorioz horrek propio erizainei ekartzen dizkien zailtasunak nabarmendu ditu, larrialdiei erantzuteko ere bakarrik geratzen direlako sarri askotan: «Eta guk, erizainok, legez, ezin ditugu sendagileen lanak egin».

Arazo horiei aurre egite aldera, lantaldeak «osatzeko» eskatu diete Osakidetzako arduradunei, eta «aurrez aurreko arreta» bermatzeko. «Gu kalitatezko osasungintza publikoaren alde aritu gara, eta arituko gara: murrizketarik ez».

Arazo horietako asko Osakidetzako kudeatzaileen «porrotaren» ondorioa direla adierazi du. Nabarmendu du arazoa ez dela, gainera, soilik lehen mailako arretakoa: gogoratu du Osakidetzako garbitzaileek amaitu berri dutela protestaldi luze bat, eta larrialdietako langileak ere protestan ari direla. Ikuspegi zabal horrekin ere gaiari erreparatzeko eskatu dute.

Erabiltzaile batek ere hartu du hitza. «Nire mediku eta erizainei, osasun langile guztiei, eskertzen diet ni zaintzeko beti erakutsi duten arreta hori, gogo hori». Eginkizun horretan gero eta «estuago» ikusten dituela esan du du, ordea. Irakasle erretiratua dela azaldu du, eta talaia horretatik ere mintzatu nahi izan du. «Nik ezagutu ditut murrizketa horiek guztiak nire arloan, irakaskuntzan; badakit zer den hori, eta estimatzen dut egiten duten ahalegin hori, zutik jartzekoa: 'Hemen gaude', esatekoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.