Ekitaldi politikoa egin du EH Bilduk gaur Lekeition (Bizkaia), koalizio abertzaleak alkatetza irabazi duen herrietako batean. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia eta Oskar Matute Bizkaiko zerrendaburuak mintzatu dira Independentziaren plazan.
Bizikleta estatikoen metafora erabili du Otegik, berriz. Azken udal hauteskundeen ostean eginiko aliantzak «toki berean geratzeko» mugimenduak izan direla azaldu du. «Betikoak, betikoekin, betikoa egiten». Baina orain betiko horien artean PP sartu dela nabarmendu du, «abertzaleak eta ezkerrekoak garenok irabazi ditugun instituzio batzuetatik kentzeko».
Horregatik, «errespetua» eskatu du abertzaleentzat. «Bere botoarekin zer egingo den azaldu behar zaio jendeari. Guk badaukagu abantaila bat, abantaila garbia. Guk politika beste era batera egiten dugu. Guk printzipioak ditugu. Guk jendeari esaten diogu zer egingo dugun, eta egiten duguna jendeari esaten diogu. Hori da desberdintasuna».
EH Bilduko ordezkariak behin-behinean doazela nabarmendu du, helburua berdinen euskal errepublika independentea sortzea delako.
«Boto eraginkorra»
Matutek adierazi duenez, «EH Bildurena da Euskal Herrian ezkerreko boto eraginkor bakarra», eta herritarrei eskatu die «pentsatzeko zer dagoen jokoan».
EH Bilduri emaniko botoak «eskuina geratzeko, eskubideak zabaltzeko eta gizarte bezala aurrera egiteko» balio duela gaineratu du.