Gerra Ukrainan

Errusiak bertan behera utziko du zerealen ituna

Kremlinek ez du berrituko Itsaso Beltzetik laboreak esportatzeko ituna, ez direlako aintzat hartu haren eskariak. Erdoganen ustez, Putinek akordioari eutsi nahi dio. Bi lagun hil dira Krimeako zubiaren aurkako eraso batean.

Traktore bat zereal uzta jasotzen, Ukrainako Odesa hiri inguruko zelai batean. IGOR TKATXENKO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi - Igor Susaeta
2023ko uztailaren 17a
12:32
Entzun

Errusia irten egingo da Ukrainako zereala Itsaso Beltzetik esportatu ahal izateko itunetik. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramailearen esanetan, negoziazioek ez dituzte ase Moskuren eskariak. «Beraz, itunak indarrean egoteari utziko dio gaur». Itunak gaur arteko iraupena du, eta azken asteetan hura berritzeko negoziatzen aritu dira aldeak. Peskoven arabera, Errusia itunera itzuliko da haren eskariak aintzat hartzen direnean. Ukrainako Azpiegitura ministro Oleksandr Kubrakovek eskatu du itunak bere hartan jarrai dezala, Errusia horretatik irtenda ere.

Akordioa 2022ko uztailean sinatu zuten Errusiak eta Ukrainak, Turkiaren eta NBE Nazio Batuen Erakundearen bitartekaritzarekin. Hari esker, gerrak ez du eragotzi Itsaso Beltzeko itsas garraioa, eta lortu da 32 milioi tona labore ale eta ongarri esportatzea. Hasieran 120 eguneko iraupena ezarri zioten akordioari, baina, iazko azaroaren 17an, beste lau hilabetez luzatu zuten; orduz geroztik, beste bi aldiz egin dute gauza bera —martxoaren 17an eta maiatzaren 17an—, baina azkeneko bi aldi horietan 60 egunez. Azkeneko urtean ohikoa izan da Moskuk itunari buruzko kexak plazaratzea, eta aldeek zailtasunak izan dituzte hari eusteko.

Errusiak negoziazioetan salatu du Mendebaldeak ezarri dizkion zigor ekonomikoek kalte egiten dietela bere nekazaritza esportazioei. Neurri horiek altxatzea exijitu du. Horien artean, Errusiako Nekazaritza Bankua SWIFT banku sisteman sartzea berriz, eta nekazaritzarako makinen ordezko piezen gaineko zigorrak altxatzea. Errusiaren ongarri esportazioa zailtzen duten neurriak ezabatzearen alde agertu da NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres.

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek uste du Vladimir Putin Errusiako presidenteak zerealen itunari eutsi nahi diola, eta aurreratu du gaiari buruz eztabaidatuko duela abuztuan Errusiako estatuburuarekin egitekoa den bileran, Turkian. Oraindik ez dute zehaztu ez non ez noiz izango den. Erdoganek adierazi du, bide batez, Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroa ere Errusiako bere homologo Sergei Lavrovekin hitz egitekoa zela gaur bertan. «Espero du elkarrizketa horietan aurrerapausoren bat ematea eta gure bidean etenik gabe jarraitu ahal izatea», azaldu du Turkiako presidenteak. Ankarak harreman onak dauzka bai Errusiarekin baita Ukrainarekin ere.

Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen gogorrago mintzatu da, Putinen aurka. Errusiaren erabakia «mugimendu zinikotzat» dauka. Gaineratu du EBk lan egingo duela «munduko herrialde zaurgarrienetan elikadura segurtasuna bermatzeko».

Gerraren lehen hilabeteetan, Ukrainak ezin izan zuen laborerik esportatu eta munduko hainbat herrialdek nabaritu zuten elikagai eskasia, baita horien garestitzea ere. Iazko uztailaren 22an, ituna izenpetu zutenean, Guterresek nabarmendu zuen «munduarentzako aringarri bat» zela, blokeoa elikagai krisia areagotzen ari zelako. Gerra hasi aurretik, Ukraina munduko nekazaritza ekoizlerik garrantzitsuenen artean zegoen: garagar ekoizlerik handienetan laugarrena zen, gari ekoizleen artean zazpigarrena eta arto ekoizpenean seigarrena.

Erasoa Krimean

Kremlinak Zerealen ituna ez berritzeko erabakia jakinarazi baino ordu batzuk lehenago, goizaldean, eraso bat izan da Krimeako zubiaren aurka. Errusiako Gobernuak adierazi du zerealen ituna bertan behera uzteko erabakiak ez duela zerikusirik erasoarekin. «Batere loturarik gabeko gertaerak dira. Eraso terroristaren aurretik ere, jarrera zein zen azaldu zuen [Errusiako presidente Vladimir] Putinek».


Krimeako zubia, gaur goizaldeko erasoaren ostean. EFE

Krimeako zubiko erasoan bi herritar hil dira. Leherketa izan denean, 03:00 inguruan, zubia zeharkatzen ari ziren auto batean. Beste pertsona bat, hildako bien alaba, zaurituta dago. Errusiak Ukrainari egotzi dio erasoa, eta, zeharka bada ere, SBU Ukrainako segurtasun zerbitzu militarrak bere gain hartu du, AFP albiste agentziak erakundeko iturriak aipatuz adierazi duenez. «Hilketa masiboetarako Errusiaren baliabideak garraiatzeko erabiltzen den legez kanpoko azpiegitura oro iraupen urrikoa izango da, ezinbestean», adierazi du Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliakek.

Erasoak, gainera, kalteak eragin ditu bidean, eta, hori dela eta, trafikoa eten behar izan dute bi norabideetan. Hasieran trenen zirkulazioa ere eten dute —trenbide batek ere lotzen ditu Errusia eta penintsula—, baina ordu batzuk geroago berrezarri dute.

Krimeako zubiak izen bereko penintsula eta Errusia lotzen ditu, Kertx itsasartearen gainetik, eta Errusiako armadarentzat funtsezkoa da, tropak, armak eta bestelako baliabide militarrak Ukrainara bidali ahal izateko. Iazko urrian ere zubi hori bera hondatu zuen eraso batek, eta bost pertsona hil ziren horren ondorioz. Trafikoa hainbat hilabetez egon zen etenda. Aintzat hartu behar da azken hilabeteetan ugaritu egin direla Errusiak Krimean dituen azpiegitura militarren aurka egindako erasoak. Ukrainak zilegitzat jotzen ditu ekintza horiek.

Hemeretzi kilometro ditu zubiak, eta Europako luzeena da. Putinek berak inauguratu zuen, 2018an. Errusiak 2014an anexionatu zuen Krimeako penintsula.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.