Beldurraren aurrean «itxaropena» aldarrikatu du EH Bilduk Gernikan

«Frankismoaren oinordekoei» aurre egitera deitu du Arnaldo Otegik 1936ko estatu kolpearen urteurrenean

Arnaldo Otegi, Gernikan egindako ekitaldian. BERRIA
gotzon hermosilla
2023ko uztailaren 18a
17:08
Entzun 00:00:0000:00:00

EH Bilduk Gernika-Lumon (Bizkaia) egin du ekitaldi politikoa, 1936ko estatu kolpearen urteurrenean. Data hori gogoan, «frankismoaren oinordekoen aurrean» ez direla erdibidean geldituko agindu dute EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik eta Espainiako Kongresurako hautagai Mertxe Aizpuruak, eta eskuinaren oldarraldiari kontra egiteko haien proposamena berretsi dute: «Eskuinaren aurrean, eskubide gehiago. Zentralizazioaren aurrean, subiranotasun handiagoa. Autoritarismoaren aurrean, askatasunak. Beldurraren aurrean, itxaropena. Etsipenaren aurrean, ilusioa».

Otegik esan du alde batean «Errepublikaren aurka altxatu zirenen oinordekoak» daudela, eta beste aldean, berriz, «herriak eta haien subiranotasuna» defendatu zituztenak: «Guk argi daukagu non egon ginen eta non egongo garen». Berriro nabarmendu du beharrezkoa dela indar politiko guztiek «argi azaltzea» zertan erabiliko dituzten datorren igandeko hauteskundeetan lorturiko botoak, eta EH Bilduren kasuan, boto horiek «eskuinen kontrako bermea» izango direla: «EH Bilduren aldeko botoa Euskal Herriaren eskubideak eta askatasunak defendatzeko eta zabaltzeko bermea da».

Aizpuruak ere gogora ekarri du 1936ko uztailaren 18an gertatutakoa, eta esan du orduan Euskal Herria «jendearen eskubideen eta askatasunen alde» agertu zela. Esan duenez, EH Bilduk «subiranotasuna eta askatasunak» defendatuko ditu Espainiako Gorteetan, eta subiranotasuna «euskal herritarren bizitza hobetzeko politika publikoen bidez» gauzatzen dela: «Subiranotasuna bizi ahal izateko soldata bat da, pentsio minimo eta duina, gure portuak edo tren azpiegiturak kudeatzea. Enplegu politika, gizarte segurantza edo migrazio politikak ere badira subiranotasuna».

Aizpuruaren ustez, subiranotasuna «premia» da, «eredu sozial eta ekonomiko justu, zuzen eta aurreratu bat eraikitzeko tresnak» eskaintzen dituelako. Horregatik, hura defendatzeko prest azaldu da Euskal Herria «1936ra atzera eraman nahi dutenen aurrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.