Lan gatazkak

LABek bere borroken %45 itxi ditu, «langileen aktibazioari esker»

Sindikatuak salatu du urte gogorra izan dela eta patronalek ez dutela jarrera leundu. Alde horretatik, kritikatu du oso zaila gertatzen ari dela erakunde publikoekin negoziatzea.

LABen ordezakari bat Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen mobilizazio batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko uztailaren 20a
13:52
Entzun 00:00:0000:00:00

LAB sindikatuak 92 enpresa edo sektore akordio itxi ditu azken hamar hilabeteetan, ekintza sindikala egiten ari zen gatazken %45,1 hain zuzen. Desoreka handia dago sektore edo patronalen arabera, eta salatu du egoera bereziki lazgarria dela sektore feminizatuetan eta zaintza eremuan. Azaldu du langileen aktibazioa dagoela akordioen muinean, eta patronalak ez duela jarrera leundu. Patronalak aipatzean, erakunde publikoen jarrera irmoa aipatu du. «Ez dute negoziatzen: baldintzak inposatu egiten dituzte», kritikatu du Oihana Lopetegi LABeko ekintza sindikaleko arduradunak.

«Urte gogorra izan da», laburbildu du Lopetegik: «Gatazken %25 itxita geneuzkala hasi genuen urtea, eta %45ekin amaitudugu. Hori lortu bada, hein handi batean, gatazka asko piztu direlako izan da, eta langileen irmotasunarengatik». Ekintza sindikalaren urteko balantzearen aurkezpenean egin du diagnosia. Datu orokorrak hauek dira: LABek 204 borroka «piztu» zituen, 92 itxi, eta 108tan greba erabili zuen. Akuilu nagusiak erosahalmenaren galera eta zerbitzu publikoen aldeko aldarriak izan dira. Gaitzetsi du patronalaren jarrera ez dela aldatu, eta emaitza onak lortu badira gatazkarako joera handiarengatik izan dela: «Langileen pultsu horrek behartu ditu mugitzera».

Lopetegik azterketa kualitatiboa egin du, eta greben eragin ahalmena goratu. «Langileek greben hautua egin duten kasuetan, garaipen gehiago lortu dira. Hamar punturen aldea dago. Sektore feminizatuetan, berriz, alde hori hogei punturena da». Hainbesterako bai? Sindikatuaren datuen arabera, bai. Oro har, grebara deitu zuten gatazken %50etan egon zen akordioa; aldiz, greba gabekoetan %40koa izan da batezbesteko hori. Sektore feminizatuetan, berriz, %39 eta %19 dira batezbestekoak, hurrenez hurren.

Patronalek emakumeen lana «debaluatzen» dutela salatu du halaber, eta datu argigarriak eman. Industria sektorean gatazken %68 itxi dituzte; feminizatuetan, berriz, %29, eta zaintzan %25, «eta hori greba egin arren». Lopetegik nabarmendu du sektore feminizatuetako gatazka gehienak irekita daudela oraindik, eta horrek erakusten duela aitortzen zaien balioa: «Industrian greben eta mobilizazioen bidez patronala errazago mugiarazteak agerian uzten du desoreka hori. Balio eskasa ematen diete».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.