Ezbeharra

Mendizale bizkaitar bat hil da Europako mendietan

Atzo izan zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, leku malkartsu batean erori zen.

Larrialdi zerbitzuen helikoptero bat, istripua gertatu den bailaran. GAZTELA-LEONGO GOBERNUA
jon ordonez garmendia
2023ko uztailaren 22a
10:10
Entzun

Zeanuriko 54 urteko mendizale bat hil zen atzo Europako mendietan, Espainian. Valdeon haranean izan zen ezbeharra, Sedo de la Padierna izeneko bidean. Leku malkartsua da, eta, larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, mendizalea erori egin zen. 14:00ak baino lehentxeago gertatu zen istripua.

Larrialdi zerbitzuak jakinaren gainean jarri zituztenean, mendizalea konorterik gabe zegoen. Helikopteroz joan ziren haren bila, tokiko orografiagatik ezinezkoa baitzen harengana heltzea. Helikopteroak garabi batean atera zuen handik mendizalea, baina hilik zegoen ordurako.

Ordu gutxian hil den bigarren mendizalea da gaurkoa. Atzo goizean mendizale gipuzkoar baten gorpua aurkitu zuten Panticosan, Pirinioetan. Ostegunean galdu zen gizona, beste bi lagunekin mendian zela. Halako batean, beste bi lagunengandik aldendu zen, eta lagunek ez zuten berriro aurkitu.

Mendizalearen lagunek abisua eman zuten, eta mendiko erreskate taldeak joan ziren bila. Atzo 11:15ean aurkitu zuten gorpua, Pico de Fazeraseko sakan batean. Gaur ekarriko dute gorpua Euskal Herrira, Debara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.