ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordio bat lortu dute Cecobi patronalarekin, Bizkaiko merkataritza orokorraren sektorea arautuko duen hitzarmen bat izateko. %18 igoko diete soldata langileei, eta, ELAk adierazi duenez, KPIaren bilakaeraren arabera soldatak are gehiago igotzeko aukera egongo da, baina ez dute gehiago zehaztu. 5.000 langileren jarduna arautuko du itunak.
Soldata igotzeaz gain, lanaldia urtean hamabi orduan murriztuko zaie, eta atzerapenengatik 900 euroko konpentsazio ordainsaria jasoko dute langileek. Horrez gain, hitzarmeneko baldintzak aplikatzen jarraituko dira horiek iraungi ostean ere, eta beste hitzarmen bat sinatu arte mantenduko dira; hau da, hitzarmeneko baldintzek ez dute mugarik izango denboran.
ELA sindikatuak du gehiengo absolutua sektorean, eta adierazi du Bizkaiko merkataritzako langileek dituztela lurraldeko lan baldintza okerrenak, eta gogorarazi du azken urteetan hamalau greba egun egin dituztela itunaren negoziazioak bultzatzeko.
Akordioarekin «aurrerapenak» lortu direla uste badu ere, ELArentzat, oraindik hobekuntzak egin behar dira, langileen erosahalmenaren galera eragozteko: «Oso sektore heterogeneoa da, eta, arropa denden hitzarmena sinatu ondoren, indar korrelazio handiagoa lortzea zailtzen duen ordezkaritza sindikal eskasa du sektoreak», euskal sindikatuaren hitzetan. Hala, adierazi du aurreakordioa sinatuagatik ere helburua dela «hobekuntza handiagoak» lortzea, «sektorea duinduko duten soldata eta baldintza hobeak bermatzeko».
Merkataritzan azpisektore batzuk daude, eta ehungintzarenean, esaterako, duela gutxi berritu zuten Bizkaian hitzarmena, %12ko soldata igoerekin.