Espainiako Konstituzioa «modernizatzeko» prest agertu da Eneko Andueza

PSE-EEko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, prest daude lurralde ereduaren inguruan hitz egiteko, baina konstituzioaren mugak «direnak dira», eta ez dituzte igaroko. Adierazi du PSOEk eredu federala babesten duela.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia kanpaina amaierako ekitaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko uztailaren 26a
12:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Alderdi sozialista Espainiako lurralde eredua moldatzeko prest dagoela adierazi du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Radio Euskadiko Boulevard saioan: «Alderdi sozialistak ez du arazorik lurralde ereduari buruz hitz egiteko guztiak aseko dituen eredu federal baterako bidean». Anduezak azaldutakoaren arabera, sozialistentzat eredu federala izango litzateke, egun, lurralde eredu «egokiagoa».

Horretarako, Espainiako Konstituzioa aldatzeko prest agertu da Andueza: «Konstituzioak 45 urte bete ditu. Igaro da nahikoa denbora, eta modernizatzeko, berritzeko eta etorkizunera begira jartzeko garaia da». Halere, nabarmendu duenez, konstituzioaren mugak «direnak dira» eta «inoiz» ez dituzte gaindituko.

Anduezak gogorarazi du alderdi sozialistak mahai gainean jarri izan duela eredu federalistaren gaia, eta gaitzetsi egin du EH Bilduk eta EAJk hartu izan duten jarrera: «Duela ez horrenbeste urte, batzorde bat osatu genuen Diputatuen Kongresuan. Hartatik alde egin zuten lehenak EAJkoak izan ziren, eta EH Bilduk iragarri zuen ez zuela parte hartuko». Anduezak adierazi du bi alderdi horiek «diskurtsoak» egiten dituztela hedabideen aurrean, baina mahaian eseri behar denean «eztabaidatik ihes» egiten dutela.

Halere, PSE-EEko idazkari nagusiak uste du EAJk eta EH Bilduk Pedro Sanchezen inbestiduraren alde bozkatuko dutela; «koherenteak badira, behintzat, bai», erantsi du. Izan ere, Anduezaren hitzetan, euskal herritarrek eta kataluniarrek «bozetan esan dute PSOEk gidaturiko gobernu bat nahi dutela» eta alderdi abertzaleek «horri jaramon egin behar diote».

Juntsek zein jarrera hartuko duen, ordea, ez du horren garbi, eta, PSEko buruaren arabera, Kataluniako alderdi horrek bi aukera ditu: «Hautua egin behar dute elkarrizketaren eta erakundeen arteko normaltasunaren alde egiten jarraituko duen gobernu sozialistaren edo eskuinari eta ultraeskuinari mesede egingo liokeen blokeoaren artean». Gainera, Carles Puigdemonti indultua ematea negoziatu ote daitekeen galdetuta, hau erantzun du: «Ez dut uste mahai gainean dagoenik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.