Finantzak

Kutxabankek 250 milioi irabazi ditu, %53 gehiago

Interes tasa handiagoen ondorioz, pandemiaren aurreko emaitzak aise gainditu ditu Kutxabankek.

Anton Arriola Kutxabankeko presidentea eta Eduardo Ruiz de Gordejuela kontseilari ordezkaria. KUTXABANK
Iker Aranburu.
2023ko uztailaren 27a
12:48
Entzun

Urtea abiada bizian hasi du Kutxabankek, 2023ko lehen sei hilabeteetan iazko irabaziaren hiru laurden lortu baititu. 250,2 milioi euroren mozkinak izan ditu urtarriletik ekainera, iaz tarte horretan izandakoaren %53,4 gehiago. Bankuak nabarmendu duenez, 2019ko pandemiaren aurreko emaitzak gainditu ditu dagoeneko.

Irabaziak handitu dituen faktore nagusia interes tasen igoera bizkorra da. Duela urtebete hasi zen Europako Banku Zentrala diruaren prezioa handitzen, eta inoiz baino bizkorrago egin du gainera, kontrolpetik irtendako inflazioa gerarazi nahian. Interes tasa handiagoak beren bezeroei pasarazi dizkiete finantza erakundeek, eta horrekin loditu dituzte beren mozkinak.

Kutxabanki dagokionez, interesen marjina %82,7 handitu du, 510,8 milioi euroraino. Hori da mailegatzaileei kobratzen dizkien interesen eta aurrezleei ordaintzen dizkien interesen arteko aldea.

Bankuak agiri baten bitartez azaldu duenez, uste baino mailegu gehiago eman ditu urtearen lehen erdian, «testuingurua lehiakortasun handikoa izan arren». Urtarriletik ekainera 1.760 milioi euro jarri ditu hipoteka mailegu berriak emateko, «erakundearen aurreikuspenen gainetik». Izan ere, interes tasa handiagoen ondorioz, moteldu egin da etxebizitzen salerosketa, eta, oro har, bankuak hipoteka gutxiago sinatzen ari dira.

Beste mota bateko maileguetan hazkunde handia izan du Kutxabankek. Kontsumorako maileguak, %16 hazi dira, eta %11,6, berriz, enpresei emandakoak. Azken atal horretan indarra jarri nahi du Anton Arriola Kutxabankeko presidente berriak, hipoteketan duen kuota handia areagotzea oso zaila baita.

Guztira, Kutxabanken maileguen saldoa 47.000 milioitik gorakoa da.

%7,5eko kuota inbertsio funtsetan

BBK, Kutxa eta Vital fundazioen bankuak inbertsio funtsei ere garrantzi handia eman die azken urteetan, eta aurrez aurre lehiatzen ari da neurriz eta baliabidez bera baino handiagoak diren finantza erakundeekin. Horrela, urteko lehen sei hilabeteetan bere bezeroen aurrezkien 2.404 milioi baliatu ditu inbertsio funtsetarako, Espainiako sistemako bankuek erakarritakoaren %15. Beste banku batek soilik bildu du diru gehiago funtsetan inbertitzeko, eta, horri esker, inbertsio funtsetan eta diru zorro delegatuetan %7,51ko kuota du Kutxabankek —abenduan, %7,05eko kuota zuen—.

Inbertsio funtsek aurrezki asko bereganatu dute azken urteetan, interes negatiboko edo oso apaleko urteetan, ohiko gordailuek oso errentagarritasun negatiboa eman dutelako. EBZk interes tasak handitu orduko, bankuek beren bezeroei maileguen truke ordaintzen dituzten interesak igo dizkiete, baina bankuek zekenago jokatu dute beren bezeroen aurrezkia saritzean. Christine Lagarde EBZko presidenteak eta Espainiako Gobernuak berak errieta egin diete bankuei, baina emaitza handirik ez du lortu, likidezia faltarik ez dutelako bankuek eta, hortaz, ez dutelako haien artean lehiatu behar aurrezkia bereganatzeko.

EBZren azken datuen arabera, maiatzean euroguneko bankuek batez beste %2,46ko interesa ordaintzen zieten beren bezeroei gordailuen truke. Espainiako sistemako bankuak, ordea, aurrezle pribatuei gutxien ordaintzen zietenen artean zeuden, %1,64ko interesa. Kontrako lekuan daude Frantziakoak, %3,21eko interesa ordainduta. Enpresen aurrezkia hobeto saritzen dute bankuek, %2,84ko interesa, eurogunekotik oso gertu (%2.95).

Egoera aurki alda daiteke, EBZ erretiratzen ari delako LTRO enkanteen bitartez bankuei krisiei aurr e egiteko emandako likidezia gehigarria. Hori gabe, banku batzuk behartuta izango dira merkatura jotzeko beren operazioak finantzatu ahal izateko, eta horretarako interes erakargarriagoak eskaini beharko dizkiete aurrezleei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.