Makroekonomia

Nafarroako ekonomiaren motelaldia egonkortu egin da, kontsumoari esker

Apiriletik ekainera %0,4 handitu da jarduera ekonomikoa, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat azkarrago. Urte arteko hazkunde tasa %2,1 izan da, aurreko hiruhilekoko tasa baino hiru hamarren apalagoa.

Berako industialgune baten artxiboko irudia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iñaut Matauko Rada - Joxerra Senar
2023ko uztailaren 28a
10:44
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako ekonomiak moteltzen jarraitzen du, baina balaztaren gaineko presio leundu egin du. Edo bederen hori da Nastat estatistika erakundeak emandako datuen ondorio nagusia. Izan ere, bigarren hiruhilekoan %0,4ko erritmoan hazi zen barne produktu gordina, eta urteko lehen hiru hilabeteetan %0,3 handitu zen jarduera ekonomikoa.

Urtebeteko tartea hartuz gero, motelaldia ez da gelditu, eta jarduerak hozten jarraitzen du. Izan ere, iazko azken hiruhilekoan %3ko erritmoan handitzen ari zen BPGa; urtarriletik martxora urte arteko tasa %2,4 zen, eta apiriletik ekainera bitartean hiru hamarren geldoago handitu da.

Nastat estatistika etxeak bigarren hiruhilekoko datuak aurreratu ditu, eta gaineratu du irailaren 22an emango dituela behin betiko datuak, aldaketak eta egokitzapenak egingo baititu, eta koadro osoagoa eman.

Eskaintzari dagokionez, Nastatek ondorioztatu du merkatu zerbitzuen eta eraikuntzaren ondorioz apaldu dela ekonomia. Eskariaren arloan, sendien kontsumoak gorantz bultzatu du, eta Nastatek «suspertze seinaleak» antzeman ditu, ziurrenik inflazioaren jaitsieraren ondorioz. Haatik, inbertsioen bilakaeraren berri ematen duen kapital eraketa finkoaren hazkundea moteldu egin da; hots, inbertsioak apaldu direla adierazten du.

Pandemia osteko bilakaera

Hala ere, atzean geratu dira 2021 amaierako eta 2022 hasierako hazkunde handi horiek. Izan ere, urte oso zail batetik zetorren ekonomia orduan, pandemiak geldialdi handia ekarri baitzuen. Hala, 2021aren erditik aurrera industria eta zerbitzuak indarra hartzen hasi ziren berriro, eta hazkundea indartu. Hala, 2020. urtean BPGa %8,3 gutxitu bazen ere, 2022. urtea amaitu aurretik galera hori leheneratu egin zen jada, eta orain ohiko mailetara itzuli da hazkundea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.