Gutxienez 54 lagun hil dituzte Pakistango alderdi islamista handienaren ekitaldi batean. Pakistango Gobernuak baieztatu duenez, atentatu suizida bat izan da. Erasoa atzo arratsaldean gertatu zen, herrialdearen ipar-mendebaldeko Jíber Pajtunjua eskualdean, Khar hirian. Bostehun lagun inguru zeuden Jamiat Ulema e Islam (JUI-F) alderdiaren ekitaldian.
Hildakoen artean hainbat ordezkari politiko daude. Gainontzeko alderdietako buruek gaitzetsi egin dute gertatutakoa, eta EI Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa. Abian da ikerketa, baina oraingoz ez dute inor atxilotu.
Ez da azken hilabeteetan Pakistanen izan den gisa horretako lehen erasoa. Urtarrilaren amaieran, bonba batekin meskita batean egindako eraso suizida batek gutxienez 59 hildako eta 150 zauritu eragin zituen Peshawarren (Pakistan); zendutako gehienak poliziak ziren. Eraso hura ez zuen inork bere gain hartu.
TTP Tehrik-i-Taliban Pakistan erakundeak gisa horretako atentatuak egin izan ditu, baina gaitzetsi egin du atzoko erasoa.