HILBERRIA

Jon Etxabe Burgosko auzian zigortutakoa zendu da

90 urte zituela hil da. Apaiz sartu zen gaztetan, eta 50 urteko zigorra ezarri zioten. Zazpi urte egin zituen preso. LKIn aritu zen gero, eta presoen eskubideen alde jardun du azken urteotan.

Etxabe, 2011n. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jon olano
2023ko uztailaren 31
21:40
Entzun

Jon Etxabe Garitazelaia (Elgoibar, Gipuzkoa, 1933-2023) apaiz ohi eta ETAko kide izandakoa atzo zendu zen. Apaiz sartu zen 1950eko hamarkadaren bukaeran; «jazarpen urte gogorretan», 2020an Eibarren (Gipuzkoa) Burgosko auziaren 50. urteurrena oroitzeko eginiko ekitaldi batean kontatu zuenez: «Eibarren, 1960ko urte haietan, agerikoa zen ETAren ekintzen eragina. Kontraesan handiak sortzen zizkidan, ulertzeko zailtzasunak, gogoetak eta eztabaidak... eta eragiten zizkidan baita atxikimenduak eta itxaropena ere. Egoera zail haren bestondoak erabat harrapatu ninduen».

Izan ere, ETAko kide batzuei laguntzen hasi, eta erakundean sartu zen Txabi Etxebarrieta hil eta gutxira. «Pentsatu nuen ezin zela babesa ukatu herriaren alde jarduten zuenari, eta Jainkoak ere ez lukeela halakorik egingo». 1969an, ordea, Mogrovejon (Espainia) atxilotu zuten, eta Burgosko auzian epaitu zuten.

1970ean. 2014ko apirilean, honela kontatu zion BERRIAri: «Nik batez ere barneratu dudana da guk, Burgosko prozesuan epaitutakook, ez genuela halako protagonismorik eduki. Nahi izan genuen juizio politikoa egitea, buelta ematea eta frankismoa epaitzea, hori bai, eta helburu hori lortu genuen. Baina hori lortu genuen, nik uste, hitzez erdizka, ez zigutelako hitz egiten uzten. Eta nik uste dut protagonista benetan herria izan zela. Noizean behin egoten dira halako herriaren eztandak, eta hori bat izan zen. Burgosen inguruan, herriak 'nahikoa' esan zuen, eta altxatu egin zen». 2014an, Zamorako landan liburua idatzi zuen (Intxorta 1937), espetxean bizitakoak kontatzeko.

Haatik, 50 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Zazpi igaro zituen giltzapean Zamoran, eta beste bat Lleidako monasterio batean (Herrialde Katalanak).

Ordurako, ETAren VI. biltzarraren ondotik, Liga Komunista Iraultzaileko kidea zen Etxabe. Ordukoa izan zen bere «lehenengo eztabaida teoriko garrantzitsua», Argia aldizkariari 2014ko elkarrizketa batean azaldu zionez: «Nire funtsezko ideia hauxe izan zen: 'Langileriak askatzen du Euskal Herria, edo honek ez du benetan askatasunik lortuko. Independentzia politikoak ez du herria askatzen'. Borroka armatuak ez zuen lehentasunik niretzat; independentzia lor zitekeen, baina herriaren benetako askatasunik ez. Langileria askatzaile eta aske izan gabe ez zela hori beteko pentsatu nuen». Bere militantzia politikoa Zutik-en jarraitu zuen ondoren.

1976an irten zen libre, amnistiarekin, eta apaizgoa utzi zuen. Euskara irakasle hasi zen eskola publikoan, eta hor ere bere ideiengatik borrokan jardun zuen D eredua lortzeko. 60 urterekin hartu zuen erretiroa.

Azken urteetan, euskal presoen eskubideen alde jardun zuen; 2014ko otsailean, Maria Serviniren aurrean deklaratu zuen, frankismoaren aurkako kereila ikertu duen epaile argentinarraren aurrean. Honela kontatu zuen: «Epaileak zer esan nahi dudan galdetu dit, eta ordu batez aritu naiz hizketan neu bakarrik. Kontatu diot nola izan zen nire atxiloketa [1969ko apirilaren 11n]. Hurrengo zazpi egunetan Bilboko polizia etxean sufritu nituen torturak nolakoak izan ziren azaldu diot. Deklarazioa egiten ari nintzela, abokatuaren laguntzaz, Bilboko polizia brigadaren izena [Felix Criado] eman diogu epaileari. Torturatu ninduten beste lau polizien izenak ere eman dizkiogu. Ondoren, Zamorako kartzelako egonaldia nolakoa izan zen kontatu diot. Espetxe horretan, giza eskubideen urraketak nolakoak ziren azaldu diot. Gutxieneko gauzak ukatzen zizkiguten presooi. Eliza katolikoari buruz ere aritu naiz, diktaduran ez baitzen tortura salaketekin batere arduratu. Zamorako kartzela ez zen bakarrik estatuarena, Elizarena ere bazen. Amaitzeko, Burgosko prozesuari buruz mintzatu naiz. Epaiketa horrekin, oso gutxitan izaten den leherketa bat izan zen. Europan eta Ameriketan ere oihartzun handia izan zuen prozesuak; altxamendu bat izan zen frankismoaren aurka. Deklarazioan gustura egon naiz. Baina nabarmendu behar da orain arte sekula ez dudala izan aukerarik gertatutakoaz hitz egiteko erakunde ofizial batean. Argentinako epaile baten aurrean ofizialki kontaketa egitea benetako pauso bat da, pozgarria, izan dudan lehen aukera gauzak horrela kontatzeko. Dena den, gaur egungo egoeran ez dut espero krimen haien egileak epaituko dituztenik. Benetako epaiketa bat ezinezkoa dela iruditzen zait. Deklarazioak isilpean egin ditugu, iaz Espainiako Gobernuak presio gogorrak egin zituelako».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile orokorrak Etxabe oroitzeko hitz batzuk esan ditu: «Agur eta ohore, Jon! Euskalduna, abertzalea eta gorria! Elgoibartar borrokalari ahaztezina!». Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ere gogoratu du Etxabe zena: «Abertzalea eta sozialista. Herriarekin konprometitua. Eskerrik asko herria egiteagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.