Eusko Label Liga

Urdaibai nagusi arerio zuzenaren etxean

Hondarribiak sufritzen jakin du lehenengo kaletik, eta azkenean hirugarren izan da.

Urdaibai, Getxon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2023ko abuztuaren 5a
19:52
Entzun 00:00:0000:00:00

Urdaibaik erakustaldia eman du, eta bandera astindu du Hondarribian. Bermeokoak txandan nagusi izan dira, nahiz eta Zierbena eta Hondarribia gerturatu egin zaizkien azken luzean. Oriok estropada ederra egin du bigarren txandan, baina laugarren egin du azkenerako. Olatuak eta haizea nabarmenak ziren jardunaldia hasi denean, baina egunak aurrera egin ahala asko petraldu da eguraldia. Euripean egin da ohorezko txanda. Bestalde, lehenengo txandan epaileak Santurtzi kanporatu du, eta Meira geroz eta gertuago daukate sailkapenean bizkaitarrek.

Ikusi gehiago:Arraun Lagunak-ek lehen postua sendotu du Hondarribian irabazita

Lehenengo txanda kaotikoa izan da. Santurtzik une txarretik atera ezinda jarraitzen du, eta hasieran okertu zaizkien gauzak guztiz kakaztu ditu hirugarren luzean. Lehendabizi, epaileak irteera eman baino lehen abiatu da Sotera, eta horregatik hiru segundoko zigorra jaso du Javi Poloren taldeak. Hala ere, estropadaren lehen erdia bikaina egin dute. Lehia ederra zihoan Kaikuren eta Santurtziren artean, ahalik eta hirugarren luzean Santurtzi deskalifikatu duten arte. Laugarren kalean sartuta hainbat metro egin ditu Santurtzik, Kaikuren kalean, eta bi ontziak elkarren aurka jotzeko zorian izan dira. Epaileak zenbait abisu eman dizkio Cristian Garmari, eta azkenean bandera berdea ikusi du Soterak. Meira hamabost segundo ingurura zegoen ordurako, eta espero ez zutenean lau puntuko zakua lortu dute. Kaikuk irabazi du txanda, baina Meira pozik irten da Hondarribitik.

Bigarren txandan nabarmen okertu da eguraldia, baina Orio nagusi izan da hasi eta buka hirugarren kaletik. Mirotzak ziztu bizian irten dira, eta erakustaldia eman dute. Berehala lortu dute bi ontziko aldea gainerakoekiko. Aspaldian ez bezala gozatu dute horiek, eta nahi izan duten kaleetan aritzeko aukera izan dute. Lan aparta eginagatik, patroiak arraunlariak estutzen jarraitu du, aurreneko txandako taldeei sustoren bat emateko esperantzarekin.

Getaria eta Cabo Oriorengandik hogei segundo ingurura aritu dira, eta euren arteko lehia izan dute txandako bigarren postua lortzeko. Aipagarria izan da Caboren estropada. Teorian onena zen kaletik majo sufritu dute praktikan, galiziarrek, eta azkenerako hirugarren izan dira bigarren txandan. Isuntza oso atzetik aritu da hasiera-hasieratik, eta lehen txandako Meirarekin izan du lehia. Galiziarren denbora hobetzeko asko izerditu behar izan du Osertz Aldairen eskifaiak, baina azkenean Meirak baino 29 ehunen gutxiago behar izan ditu estropada amaitzeko.

Ohorezko txanda euripean jokatu da. Sailkapen nagusiko lehenengo biak estropadaren bi aldeetatik aritu dira. Nesken taldeari bezala, teorian okerrena zen kalea egokitu zaio etxeko taldeari, eta Urdaibai, berriz, laugarren kaletik aritu da arraunean. Bertatik markatu du hirugarren txandako erritmoa Iker Zabalaren taldeak. Oso baldintza gogorretan lan bikaina egin dute Bou Bizkaian. Lehen ziabogan denbora onena egin dute, baina Orio, Zierbena eta Donostiarra bi segundo eskasera zituela. Zertxobait atzerago aritu da estropadaren lehen erdian Hondarribia, baina eusten jakin du Ama Guadalupekoak. Lan erdietan Urdaibai eta Orio parean izan dira, eta Zierbena eta Donostiarra bi segundora.

Brankaz aldeak handitu egin ditu Urdaibaik Gorka Aranberriren gidaritzapean. Hirugarren ziabogatik Orio eta Zierbena baino bost segundo bizkorrago irten dira bermeotarrak, eta bertatik helmugara gozatzeko aukera ere izan dute. Hondarribiak, berriz, nahikoa lan izan du puntu sorta bat ez galtzen. Aurreneko hiru luzeetan sufritzen jakin du Mikel Orbañanosen taldeak, eta hirugarren ziabogaren ostean abiatu du erasoa. Laugarren luzean berehala utzi du Donostiarra atzean, baina ezin izan du Zierbena aurreratu. Gainera, sailkapen nagusiari begira Orio tartean sartu da, eta hiru puntu galdu dituzte berdeek etxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.