«Honek ez dauka zentzurik; denetarik egiten ari gara, baina ez ditugu geldiarazten», esan du Iruñeko Zabalguneko bizilagun batek. «Borrokatzen jarraitu behar dugu», esan dio beste batek. Kamioi zulatzailearen hotsa entzun, eta korrika eta haserre joan dira Iruñeko Zabalguneko bizilagunak Zangoza kalera. Iruñeko Udalak Zangoza kaleko aparkalekua egiteko lanekin jarraitzen du, eta zenbait zuhaitzen porlana kentzen hasia da. Aparkalekuaren kontrako plataformak elkarretaratze bat eginen du bihar, 20:00etan, Iruñeko Gurutzeko plazan.
Aparkalekua egiteko 46 zuhaitz kenduko dituzte, haietatik 33 moztu, eta beste 13 berriz landatuko dituzte. Oraingoz, berriz landatu nahi dituzten zuhaitzak kendu aurreko lanak egiten ari dira. «Uste dugu zuhaitzak ez dituztela berriz landatuko: ez denez sasoi ona, ez dute bizirik iraunen», salatu du Javier Baiona aparkalekuaren kontrako plataformako kideak.
Plataformako kideak esan du lanek 22 hilabete iraunen dutenez kalte eginen dietela bizilagunei, hala nola merkatariei eta Gurutze Plaza BHI institutuko ikasleei. Mila ikasle inguru daude, eta horietatik laurehun inguruk Arrosadia auzoan dagoen eraikin batera joan beharko dute 2023-2024ko ikasturtean. «Zarata, dardarak, denetarik sufrituko dute», azaldu du Baionak. Gainera, eraikina «segurua» izateko obrak egin beharko dituzte: «Lan hauek egiteko ez dute deus komunikatu, eta ez dute proiekturik aurkeztu».
Beste bide batzuk
Abuztuaren 4an, EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak helegite bat aurkeztu zuten lanak geldiarazteko. Baina UPNk aurrera egin du proiektuarekin. EH Bilduk berriz eskatu dio lanak gelditzeko eta beste aukera batzuk adosteko. Lau arrazoi eman ditu: babes sozial, komertzial eta politikorik «txikiena» ere ez edukitzea; argitu gabe dauden «irregulartasun larriak» izatea; eskatzaileen zerrenda eskainitako aparkalekuen erdira ez iristea, eta ingurumenari kalteak eragitea.