Hawaii sutan

Suteena Hawaiiko hondamendi naturalik hilgarriena da dagoeneko

Gutxienez 80 lagun hil dira asteartetik Maui irlan piztuta dauden suteetan. Mila lagun inguru desagertuta daude, eta 14.000 lagun ebakuatu dituzte ja.

Sutea izan da Hawaii uhartediko Maui irlan. CARTER BARTO / EFE
Unai Mitxelena Balerdi - Julen Otaegi Leonet
2023ko abuztuaren 10a
13:55
Entzun

Hawaiiko (AEB) Maui irla kiskaltzen ari diren suteak amatatu ezinik dabiltza, eta hildakoen kopurua gorantz doa. Gutxienez 80 hildako baieztatu dituzte, eta, iturri ofizialen arabera, litekeena da gehiago izatea; izan ere, kalean topatutako hilotzak soilik zenbatu dituzte. Jada estatuko hondamendi naturalik hilgarriena da. Mauiko suteak baino lehen, 1960ko tsunamia zen; 61 hildako utzi zituen. Mila lagun inguru desagertuta daude. 14.000 lagundik gora ebakuatu dituzte irlatik, eta beste hainbeste lekualdatu zituzten atzo. Hondamendi eremu deklaratu zuen Maui Joe Biden presidenteak, eta datozen egunetan bidaliko dituzte baliabideak suak amatatzen laguntzeko. AEBetako azken urteetako suterik hilgarrienetakoa da.

Naturagunean hasi ziren suteak, baina azkar hedatu ziren herrietaraino; tartean, Lahainaraino —irlako mendebaldeko herririk handiena da—. Guztiz txikituta geratu da hiria; «katastrofea» izan da Mauikoa Josh Green Hawaiiko gobernadorearen ahotan. «Gerra eremu bat zirudien: leherketak zeuden alde guztietan», esan du bizilagun batek. Mila milioika dolar beharko dituzte Lahaina berreraikitzeko, eta hango alkate Richard Bissenekhori egingo dutenaren bermea eman die herritarrei. Kaltetu batzuk hasiak dira euren aseguru etxeekin hitz egiten; baina hainbat belaunaldiz etxe berean bizi izan diren familia askoren kasuan, hipotekarik ez zutenez, asegururik ere ez zuten, eta ondorioz zailago izango dute kalte ordainak jasotzea.

Militarrak erreskate lanetan, Lahaina hirian, Mauin. ANDREW JACKSON / EFE

Agintariek etxeratze agindua ezarri dute Maui irlan. Hura indarrean den bitartean, kontrolguneak ezarri dituzte hiriaren sarrera irteeretan, ondorioz ia hogei kilometroko auto ilarak ikus zitezkeen goizaldean kontrolak igaro zain; izan ere, herritar askok uhartearen iparraldera jo dute babes bila.

Banan-banan miatzen hasi dira hiriko eraikinak, eta horrek ekar dezake hildakoen kopurua hazi izana. Haatik, luze joko du behin-betiko zenbaketak. Sua berehala hedatu zen bai irlan, bai Lahainan, eta, hainbat bizilagunek ohartarazi dutenez, alertak sistemek ez zuten behar bezala funtzionatu. Gobernuak azaldu duenez, larrialdi zerbitzuek mugikorretara bidali zituzten alerta mezuak, baina ordurako suak kaltetua zuen telekomunikazio sarea, eta askok ez zuten ebakuatzeko abisurik jaso, eta inguruko eraikinak sutan ikusi zituztenean ohartu ziren egoeraz. «Gas bonbonak lehertzen entzun genituen», azaldu dio lekuko batek tokiko prentsari. Hainbatek uretara egin behar izan zuten salto garretatik ihes egiteko. Kostazainek 50 lagun inguru salbatu zituzten uretatik.

Irla osoan suteek eragindako kalteen eta sarraskien balantzea egiteko goizegi da, baina jada 2.200 eraikinetik gora galdu dituzte Mauin; horietatik %85 etxebizitzak dira. Lehentasuna jendea «bilatzea eta erreskatatzea» da, Hawaiiko larrialdi zerbitzuek adierazi dutenez. Bart gauean, gainera, beste sute bat piztu zen Kaanapalin, Lahainatik iparraldera dagoen mila biztanle inguruko herrian; larrialdi zerbitzuek herria husteko agindu diete herritarrei, nahiz eta sutea ia erabat kontrolpean hartu duten dagoeneko. Dena den, meteorolgia zerbitzuek ohartarazi dute haize indartsuak espero direla datorren aste hasierarako.

Sua ez da Lahaina inguruko herrietara heldu, baina han ere nabaritu dituzte ondorioak; izan ere, etxe askotan argindarrik gabe geratu dira, eta Lahainatik autoz irtendako askok bertan geratu dira harrapatuta, aurrera egiteko erregairik ez zutelako.

Lau mila desplazaturi aterpea emateko zentroa prestatu dute Honolulun, konderriko hiriburuan. Beste bi mila Kahului aireportuan dira. Beste milaka lagunek ere laguntza behar dute, Greenen arabera. Hoteletako logelak dira irtenbideetako bat; biztanleei ere eskatu die laguntza, etxean hartu ditzaten ebakuatu dituztenak.

Herritar gehienak ezer hartzeko denborarik gabe irten ziren beren etxeetatik. ETIENNE LAURENT / EFE

Joan den asteartean hiru sute piztu ziren Mauin. Horien arriskuaz ohartarazi zuen aurretik AEBetako meteorologia agentziak, baina aurrez inoiz ikusi gabeko larrialdia da Hawaiin dutena. Ez dakite zerk eragin zituen suteak, baina Dora urakanak eragindako haizeteek, lehorteak eta hezetasunik ezak hanpatu besterik ez ditu egin. Haize bolada arriskutsuek suhiltzaileen lana oztopatu zuten hasieratik, eta ezin izan zuten helikopterorik erabili sutea azkar zabaltzen ari zenean.

Uhartediko irlarik handienetan bigarrena da Maui, eta erdialdeko eta mendebaldeko guneak hartu dituzte garrek. Oraingoz, larrialdi zerbitzuek bakarrik dute irlaren mendebalderako sarbidea.

Ingurumenari eragindako kaltea

Agintariak hasiak dira etxerik gabe geratutakoei aterpea ematen, baita berreraikitze lanak nola egin pentsatzen ere, nahiz eta aitortu duten urteak beharko dituztela ingurua lehengoratzeko. Baina suak ez ditu soilik etxeak hondatu: kalte handia eragin dio ingurumenari ere.

Suteek edateko ura biltzeko putzu pribatuak hondatzen dituzte errazen, horiek lurrazalean egoten baitira gehienetan; baina hoditeriari eta biltegi publikoei ere kalte handia eragin diezaiokete suteek, errautsak nahas baitaitezke edateko urarekin, eta hura kutsatu.

Basoak ere azkar suntsitzen dira, eta urteak behar dira horiek leheneratzeko. Horrez gain, errautsak urteetan gera daitezke atmosferan, eta gizakien arnas aparatuari kalte egin. Baina, lurrazalari ez ezik, ozeanoei ere eragiten die suak, han amaitzen baitute erretako eraikinen hondakinek eta horietatik isuritako gai kimikoek, eta kalte egiten baitiete itsasoko espezieei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.