Sorpresarik ez. Maria Txibitek beste 24 ordu itxaron beharko du Nafarroako Gobernuko lehendakari izateko. Lehen bozketan, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroako 21 parlamentariek alde bozkatu dute, eta UPNko, PPko eta Voxeko 20ek, kontra. EH Bildu abstenitu da. Gehiengo osorik ez duenez, ez da hautatua izan, baina bihar aski izango zaio gehiengo soila lortzea.
17:20an bozkatu dute 50 parlamentariek, banan-banan, hautetsontzian botoa utzita. Bozketa hasieran aurreikusi baino 40 minutu lehenago egin da. Arratsaldeko saioa uste baino azkarrago joan da. Goizeko saioan, Txibitek bere gobernu programa aurkeztu eta defenditu du.
«Jakina da politikaren defendatzaile irmoa naizela. Politika zerbitzu publiko bat da, nire ustez, eta politika eraginkorraren aldekoa naiz; gertaeren politikan sinesten dut eta, zintzoa delako, konfiantza sortzen duen politika dut gogoko. Lau urteotan asko ikasi dut, eta hala egiten jarraitu nahi dut, ohorea eta ardura baita lurralde hau gidatzea». Hitz horiek esanda, isilunea sortu da, eta ahotsa urratu zaio Maria Txibite PSNko lehendakarigaiari. Emozio horrekin, jarraitu du esaten «beti hobetzea bilatzen duenaren umiltasunez» eta «proiektu honen alde egin dutenen esker onez» aurkeztu duela hautagaitza.
45 minutu iraun du hasierako diskurtsoak, eta Txibitek irakurri egin du, pasarte batzuk moldatuz. Amaierako pasarte hori iritsi denean, nabaritu da ukitu pertsonala bai edukian eta bai tonuan. PSNko lehendakarigaiak nabarmendu nahi izan du gobernatzea «talde lana» dela eta «une zailak, pozgarriak, zalantzaz beteak, lorpenak eta hutsegiteak» egon ohi direla bide horretan. «Talde horietan pertsonak gaude, eta ez gara perfektuak. Zor gatzaizkion gizarte horren alde hoberena emateko gaude hemen».
Hitzaldian, Txibitek elkarbizitza eta elkarrizketa defendatu ditu, uste baitu maiatzaren 28an herritar gehienek hori eskatu zietela alderdiei. «Herritarrek elkarbizitzaren alde egin zuten, pluraltasunaren alde, eskubideetan aurrera egiteko, ez atzera». Bere hitzetan nabaritu da etengabeko erreferentzia egin diela Euskal Herritik at, Espainian, eskuinaren eta eskuin muturraren artean sortzen ari diren gobernu akordioei.
Autogobernua ere hartu du hizpide. Borondatea erakutsi du Estatuaren eredu deszentralizatuan aurrera egiteko, eta gogora ekarri du sinatu berri den akordio programatikoan prest agertu direla 1982an onartutako Foru Hobekuntza berritzeko eztabaidari ekiteko. «Adostasunak bilatu nahi ditugu gure eskumenak XXI. mendeko erronketara egokitzeko. Aurreko legealdian, hiru eskumen lortu genituen. Urrats historiko bat izan zen, baina aurrera egiten jarraitu nahi dut».
Aurreko gobernuaren ildotik, ekonomiaren eta gizarte kohesioaren arteko oreka bilatu nahi du hurrengo gobernuak. Arlo publikoari begira, «osasun publikoa funtsezko auzia» izango da. Beste erronken artean, lehen arreta indartzea egongo da, eta itxarote zerrendak murriztea. Departamentu hori Geroa Baiko Fernando Dominguezek kudeatuko du.
Beste arlo garrantzitsu bat etxebizitza izango da. Zurekin Nafarroako Begoña Alfarok kudeatuko du. Txibiteren arabera, etxe duina izateko eskubidea bultzatuko dute, eta alokairua izango da giltzarrietako bat. Zaharberritzean ere jarri nahi dute indarra, aipatu duenez.
Departamentu horren esku egongo dira, halaber, berdintasun politikak. Akordio programatikoan egin bezala, zin egin du arlo horretan ez dutela atzera egingo: «Berdintasuna da eta izango da gure bandera». Emakumeen ahalduntzearen aldeko borondatea iragarri du. «Gurea gobernu feminista da. Ez dugu onartuko mespretxu bakar bat, ezta atzerapausorik ere». Gogora ekarri behar da berriki Nafarroako Parlamentuaren aurrean indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze batean Voxeko bi parlamentariek kartel bat eraman zutela indarkeria matxista zalantzan jarriz, eta litekeena dela horrelako jarrerak erakustea aurrerantzean ere.
Ekonomiaren arloan, industriaren moldaketa jarri du ardatz nagusi bezala. «Industria da gure BPGaren zutarrietako bat, gure ekonomiaren alde sendoetako bat, eta orain prozesu eraldatzaile sakon batean murgilduta dago». Bide horretan sakontzeko asmoa iragarri du, eta gogorarazi aurreko lau urteetan 2.100 milioi eurotik gorako inbertsioak egin zirela, eta proiektu horiek 2.170 lanpostu sortu zituztela.
Azpiegituren arloan, promes egin du legealdi honetan amaituko dela Nafarroako ubidearen bigarren fasea. «Ura Erriberara ailegatuko da», aurreratu du.
Euskarari dagokionez, trakets bada ere, lehen aldiz euskarazko esaldi oso bat ahoskatu du Txibitek. Akordioaren edukiak eta sinatzaileen arteko desadostasunek agerian utzi dute aurrerapausorik ez dela jaso dokumentuan. Dena den, hautagaiak adierazi du «[Euskararen] legearen barnean» akordio sozial eta politiko «zabala» bultzatuko dutela euskararen inguruan, «errealitatea soziolinguistikoa eta borondatea aintzat hartuta». Aurreratu du euskararen bigarren plan estrategikoa bultzatu nahi dutela eta babesa adieraziko dietela euskaltegiei eta euskarazko komunikabideei.
Zubi betean izanik, ikusmina duela lau urtekoa izan da. Gonbidatuen artean, duela lau urte baino pertsona gutxiago daude. Etorri direnen artean daude Joseba Asiron Iruñeko alkate ohi eta EH Bilduko hautetsia, Miren Zabaleta EH Bilduko Nafarroako koordinatzailea, Alberto Catalan UPNko senataria, Toni Magdaleno PSNko senataria...
Diskurtsoa amaituta, ordu erdiko etenaldia egin da, eta, gero, taldeetako eledunek gehienez ordu erdiz erantzun ahal izan diote hautagaiari. Ordezkaritza handienetik txikienerako ordenan mintzatu dira: UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, Zurekin Nafarroa, PP eta Vox.
Kritika Txibiteri
UPNko Javier Esparzak Txibiteri egotzi dio bere agintaldian «askatasunak murriztea», eta baieztatu du askatasun handiagoa zegoela UPN agintean zegoenean: «Ezin duzu zeure burua progresistatzat aurkeztu eskubideak murrizten dituen alderdi batekin gobernatzen baduzu EH Bildurekin». Gobernatzeko UPNren proposamena «baztertu» izana egotzi dio: «Nahiago izan duzu Nafarroarentzako aukerarik okerrena». Horretaz gainera, bereziki nabarmendu du Txibiteren alderdiak ez dakiela «zer egin» Osasun Sailarekin.
Ramon Alzorriz PSNko kideak gogor egin du Esparzaren aurka, eta, hark leporatutakoei erantzunez, Nafarroako legebiltzarra «lokaztea» eta «antipolitika» egitea egotzi dio, baita gezurretan aritzea eta Nafarroako egokortasuna arriskuan jartzea ere. Ultraeskuinarekin akordioak lortu izana ere aurpegiratu dio, eta PSNk Nafarroako eskuinaren aurrean erantzungo duela baieztatu du, eta nabarmendu du Txibiteren agintaldian bere alderdiak «hitz emandako guztia» bete duela. PSNren politika egiteko modu «positiboa» azpimarratu du, eta hurrengo legealdirako «giltzarriak» izango diren helburuez hitz egin du: elkarbizitza bultzatzea, beharrezko azpiegiturak eraikitzea, zerbitzu publikoak indartzea, kalitatezko lana bultzatzea eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna bultzatzea.
Laura Aznalek, berriz, nabarmendu du EH Bildu «ezinbestekoa» izan duela Txibitek gobernatzeko, eta azaldu du Nafarroako herritarrek «argi» utzi dutela «ezkerretik eta antifaxismotik» egindako politika nahi dutela. Bide horretatik, Txibiteri eskatu dio hurrengo legegintzaldian nafarren «eskubideak zabaltzeko», eta bereziki nabarmendu ditu hizkuntza eskubideak. Eskuinari «betirako atea itxi» beharra ere azpimarratu du, eta esan du ez dela nahikoa eskuina «kanpoan» uztea. Fiskalitatearen erreforma bat ere eskatu dio, «fiskalitate justu bat» eraikitzeko bidean. Osasun Sailaren auziari dagokionez, prozesu parte hartzaile bati ekitea proposatu du, eta «gutxienez aurrekontuaren %20» arlo horretara bideratzea. Etxebizitzaren arloan ere, alokairua mugatzearen garrantziaz hitz egin du, nafarrek «etxe duina» izan dezaten.
Geroa Bai-ko Uxue Barkosek ere hizkuntza politiketan sakondu nahi izan du bere erantzunean. Esan duenez, azken bi legegintzaldietan «aurrerapauso sakonak» izan dira euskararen alde, eta aurrerantzean ere bide horretan jarraitzeko eskatu dio Txibiteri: «Akordioa bilatu behar da, baina betiere bidean aurrera egiteko helburuarekin». Osasunaren arloa aipatu du Barkosek ere, eta adierazi du ezen, Txibiterena ez ezik, hura babestu duten alderdi guztien erantzukizuna izango dela Nafarroan «kalitatezko osasun sistema bat» berreskuratzea.
PPko Javier Garciak, berriz, bere «plan pertsonala» ezartzea egotzi dio Txibiteri, eta, besteak beste, Osasun arloko eskumena Geroa Bairi ematea eta gaztelaniazko hezkuntza ez bermatzea. Hala ere, esan dio garaiz dagoela bere «politika egiteko modua» aldatzeko, eta bide horretan bere alderdiaren babesa eskaini dio.
Zurekin Nafarroa koalizioko Begoña Alfarok adierazi du bere alderdiak, lehendakaria babestu duen arren, «akordio zabalago eta eta aursartago bat» egin nahiko lukeela, eta Txibitek «galdutako konfiantza» berreskuratu beharko duela; osasun arloan enpresa pribatuak sartzen ez uztea eskatu dio Txibiteri, eta energia enpresa publiko baten sorrera lortzeko bidean pausoak ematea proposatu du, besteak beste.