Hego Euskal Herriko kaleetan eguzkitako krema baino gehiago ikusi dira aterkiak uztailean, baina uda beroa izan da Hegoaldeko aireportuetan. Inoizko uztailik onena izan dute Loiun: 679.997 bisitari izan ditu aireportuak, iaz hil berean baino %17,1 gehiago. Atzerritik iritsi dira horietatik guztietatik ia erdiak (295.377), iaz baino %37,4 gehiago.
Beste hiru aireportuetan ere —Forondan, Hondarribian eta Noainen— gora egin du bisitari kopuruak. Horien artean, igoera bereziki handia izan da Arabakoan: 34.125 bisitari izan ditu, iaz baino %34,4 gehiago. Hondarribian, berriz, 52.218 bidaiari izan dira (+%20,4), eta 17.820 Noainen (+%12,1). Halaber, Hegoaldeko aireportu guztietako aireratzeek eta lur hartzeek egin dute gora.
Horiek hala, begi bistan da: COVID-19aren pandemiak eragindako etenaren ondoren, goranzko joerari eusten diote Hegoaldeko lau lurraldeetan. Iaz susperraldi nabarmena izan zuen turismoak; Hego Euskal Herriko aireportuetako bidaiari kopurua 2021. urtekoa halako bi izan zen. Eta aurten bildutako datuei erreparatuta, bilakaera antzekoa edo zertxobait hobea izatea espero da. Izan ere, urte hasieratik hona 3 milioi bidaiaritik gora izan dira Loiun (+%29,3).
Badira urte batzuk Miarritzeko aireportuak utzi ziola datuak hilero argitaratzeari. Dauden azkenak 2022. urteari dagozkio. Orduan, 931.698 bidaiari izan ziren Miarritzen, 2021ean baino %53,3 gehiago. Halere, beste %20 handitu beharko luke aurten trafikoak pandemia aurreko datuetara iristeko.