Espainia

Puigdemontek «egiaztatzeko moduko ekintzak» eskatu dizkie PSOEri eta Sumarri

Kongresuko Mahaia osatzeko 24 ordu eskas falta diren honetan, ez dago argi ezkerrak gehiengorik izango ote duen. Junts per Catalunyaren babesa beharrezkoa dute sozialistek.

Carles Puigdemont, Junts per Catalunyako burua, uztailean egindako agerraldi batean. DAVID BORRAT, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko abuztuaren 16a
13:51
Entzun 00:00:0000:00:00

Ezer ez dago lotuta, edo hala pentsa liteke batzuen eta besteen adierazpenak entzunda. JxC Junts per Catalunyaren babesa behar dute PSOEk eta Sumarrek Espainiako Kongresuko Mahaian gehiengoa eskuratu ahal izateko, baina Kataluniako independentistek ez dute beren botoa musu truk emango. Carles Puigdemont JxCko buruak argi utzi du X sare sozialean zabaldutako mezuan: «Ez gara fidatzen Espainiako alderdi politikoez. Oso adi ibili beharra dago, eta promesek ez hotz eta ez bero uzten gaituzte. Ezin dugu nazio gisa aurrera egin gero betetzen ez diren promesekin; horregatik, egiaztatzeko moduko ekintzak nahi ditugu, gure botoa inori eman aurretik». Buruzagi independentistak nabarmendu du baldintza bera dela bai Kongresuko Mahaia osatzeko negoziazioetarako, bai Espainiako Gobernua eratzeko.

Hala ere, baikor agertu da Pedro Sanchez buruzagi sozialista, eta beste behin baztertu egin du PP Alderdi Popularrarekin akordioa egiteko aukera. Halaxe esan du PSOEko zuzendaritzarekin egindako bileraren ostean: «PPk lehertu egin ditu Voxekin ez beste alderdiekin akordioak egiteko bideak zabaltzen zituzten zubi guztiak. Eta horrek inoiz baino bakartuago utzi ditu. Joan den uztailaren 23an porrot egin zuten PPren eta Voxen proposamen suntsitzaileek. Haien asmoa zen gizarteari atzera eginaraztea, baina ez zuten gehiengorik lortu, ez botoetan, ez eserlekuetan». Sanchezek berretsi du «aurrera egitearen alde» bozkatu zutela herritarrek, eta helburu horrekin iragarri du inbestidura saiora aurkeztuko duela bere hautagaitza.

Konpromisorik ez, baina bestelako eskaintzarik ere egin du Sanchezek: iragarri du hizkuntza koofizialen erabilera «bultzatuko» duela «batasuneko instituzioetan» Espainia Europako Batasuneko txandakako presidentetzan dagoen bitartean, hau da, ekainetik abendu amaierara bitartean.

Sozialistek, baina, beste hainbat alderdiren babesa beharko dute Sanchezek gobernuko presidente kargua bereganatuko badu. Hori lortzeko bidean direla esan du Sumarreko zerrendaburu eta jarduneko presidenteorde Yolanda Diazek diputatu akta jasotzearekin batera egin dituen adierazpenetan: «Lanean ari gara legegintzaldi berri honetan koalizio gobernu aurrerakoi bat lortzeko». Negoziazioei buruz galdetuta, ordea, ez du xehetasunik eman, soilik Unidas Podemoseko diputatu Jaume Asens ari dela elkarrizketak bideratzen.

Mahaiko presidentetza

Oraingoz, gauza bakarrak dirudi ziurra: Francina Armengol izango dela Kongresuko Mahaiko presidentea. Balearretako Generalitateko presidentea izandakoa da Armengol, eta sozialistek proposatu dute kargurako. Oraingoz, BNG Bloke Nazionalista Galiziarra izan da haren aldeko botoa iragarri duen bakarra, nahiz eta ERC Esquerra Republicana de Catalunyak ere begi onez ikusi proposamena. «Badu sentsibilitatea zenbait gaitarako, baina ikusi beharko dugu zer jokabide hartuko ote lukeen kargu horretara heldutakoan», azaldu du ERCko kide Frances-Marc Alvarok. Adierazpen hori egin eta gero, ordea, alderdi subiranistako iturriek zehaztu dutenez, oraindik ez dago akordiorik PSOErekin Kongresuko Mahaia osatzeko, eta ohartarazi dute «ausarkeria» litzatekeela ERCren botoak ziurtzat jotzea.

EAJko diputatuak ere joan dira euren aktak jasotzera, baina ez dute aurreratu zein izango den beren jarrera biharko bozketan.

PPren hautagaia, Gamarra

Alberto Nuñez Feijoo PPko burua alderdiko diputatuekin eta senatariekin bildu da gaur arratsaldean, eta Kongresuko popularren jarduneko eledun Cuca Gamarra proposatu du behe ganberako presidente izateko. Agerraldi horretan, gainera, Nuñez Feijoo Sanchezen aurka mintzatu da, eta, besteak beste, espainiarren «ziurgabetasun politikoa» eta «blokeo egoera» egotzi dizkio PSOEri, alderdi independentistekin negoziatzeko duen asmoagatik. «PSOE eta Sanchez dira Kongresuaren gehiengoa indar independentisten menpe egotearen erantzule nagusiak. Espainiar gehienek, baita indar politiko horiei botoa eman dietenek ere, ez dute hori merezi».

Bide horretan, Nuñez Feijook berretsi du inbestidura saiora aurkeztuko dela, eta ziur azaldu da Felipe Borboikoa Espainiako estatuburuak berari aginduko diola gobernua osatzeko lana, aurreko hauteskundeak irabazi dituen alderdiekin «beti egin duen bezalaxe». Baina gehiengo osoa lortzeko negoziazioetan jarraitu behar duela gaineratu du PPko buruak: «Irabazi dugula onartu dugu, baina ez dugu gehiengo osorik, eta ulertzen dugu beste indar batzuekin hitz egin behar dugula».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.