Drogak

Alemania, marihuana legeztatzeko prest

Gaur, SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak, Berdeek eta FDP Alderdi Demokratiko Liberalak lege proposamen bat aurkeztuko dute marihuanaren inguruko legeak malgutzeko. Bi zatiko plan baten parte da legea, eta parlamentuak onetsi behar du.

Karl Lauterbach Alemaniako Osasun ministroa gaur eman duen prentsaurrekoan. CLEMENS BILAN/ EFE
Unai Mitxelena Balerdi
2023ko abuztuaren 16a
15:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marihuana legeztatzeko lege proposamena aurkeztuko dute gaur Alemanian. Alemaniako SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata, Berdeak eta FDP Alderdi Demokratiko Liberala elkartu dira lege hau aurkezteko. Maltaren ondoren, Europan marihuana legeztatzen duen bigarren herrialdea izango litzateke. Lege honek kontsumo propiorako marihuana legeztatuko luke, eta bermatu etxean landatzeko askatasuna eta kalamu kluben irekiera. Neurriek eztabaida handia sortu dute, eta ez dira gutxi kontra daudenak.

Gaur, Karl Lauterbach Osasun ministroak legearen azken zehaztasunak aurkeztuko ditu. Aurkeztu duten azken testuak dio marihuanaren jabetza legala izango dela 25 gramo arte, etxean hiru landare edukitzea legala izango dela, eta marihuana saltzeko asoziazio edo klub berriak ireki ahalko direla. «Ez gara arazo bat sortzen ari, konpontzen baizik. Badakigu zuzenbide penala ez dela oso urruti ailegatzen. Gazteria babestu nahi dugu, drogen merkatu beltzaren eta horrek dakarren kriminalizazioaren kontra egin nahi dugu», esan zuen Luterbachek. Gainera argi utzi du marihuanaren kontsumoa «seguruagoa» izatea nahi duela.

Marihuana legeztatzeko planak bi zati ditu. Lehena, aipatutako aldaketak dira. Legearen bigarren zatia bost urteko proba bat da. Bost urte horietan, marihuana saltzeko hornidura kate bat kontrolatuko dute eskualde batzuetan, eta ebaluazio zientifiko bat egingo dute emaitzak ikusteko.

Plan hau urruti dago hasieran pentsatutako planetik. Hasieran, Alemania osoan lizentziadun dendetan marihuana saltzea baimendu nahi zuten, baina, Europako Batzordearekin elkartu ondoren, atzera bota zuten. «Proiektu bat egin nahi dugu, marihuanaren europar politika prebentzioan oinarritzeko, eta ez kontsumoaren kriminalizazioan», esan zuen Osasun ministroak.

Osasun ministroak esan zuen marihuanaren aurreko politika «porrot» bat izan dela. «Droga delituen kopuruak gora egin du azken urteetan. Legea gogortzeak ez gaitu inora eramango». Cem Ozdemir Nekazaritza ministroak argi utzi zuen helduentzat bakarrik izango dela legezkoa, eta «gaur pozik ez dagoena trafikatzaile ilegala edo kriminala» dela.

Legeak aurreikusten dituen klubetan bakarrik salerosi ahalko da marihuana; estatuak kontrolatuko du salerosketa. Baimena izango dute kalamua landatzeko, eta beren sozioei saltzeko. Irabazi asmorik gabekoak izango dira, eta gehienez bostehun pertsonak eman ahalko dute izena.

18 urte baino zaharragoa izan beharko da marihuana erosteko. 21 urte bete arte, hilabetean erosi ahalko den gehiengoa 30 gramokoa izango da; eta hortik gorakoentzat, 50 gramokoa. Ezin izango da klub batean baino gehiagotan sozio izan, eta klubean bertan ezin izango da erre. Klubek sozioen ordainketekin egingo diete aurre gastuei.

Kontra daudenak

Asko daude lege honen aurka. Batez ere kontserbadoreak izan dira marihuana legeztatzearen aurka azaldu direnak. Oposizioko zentro-eskuinak ohartarazi du Alemaniako Gobernua presionatzen ari dela legea onartzeko, kontuan hartu gabe adituek eta EBko legeak zer dioten. Saxoniako Barne ministro Armin Schusterrek esan zuen «lege honek erabateko kontrola galtzea ekarriko» duela.

Gainera, alderdi bereko jendea ere badago lege horren aurka. SPD dago legea proposatu dutenen artean; dena dela, alderdi hartako kide bat, Hanburgoko Barne ministroa, legearen aurka azaldu da: «Behar ez dugun zerbait egotekotan, lege hau da. Beste herrialdeetako esperientziak erakusten du legeztatzeak asko handitzen duela kontsumoa, arrisku eta albo ondorio guztiekin».

Marihuanaren aldeko hainbat pertsonak ere lege horren kontrako jarrera daukate. «Osasun Ministerioarengandik zera jasotzen ari gara, gehiegizko arauketa, marihuana kontsumitzaileen estigmatizazioa eta klubentzako gehiegizko zailtasunak», esan du Berlineko High Ground marihuana klubeko jabeak.

Merkatu beltza

Zalantza handienetako bat da ea nola eragingo duen lege honek merkatu beltzean. Alde batetik, legearen alde daudenek diote marihuana legeztatzearekin murriztu egingo direla merkatu beltza eta kriminaltasuna, jendeak legalki erosiko duelako eta seguruagoa izango delako. Bestalde, badaude argudiatzen dutenak legeztatzeak merkatu beltza laguntzen duela. Hamburgoko Barne ministroak dio merkatu beltzak kontrolik ez duenez merkeagoa izango dela, eta, legalki saldu daitekeena baino marihuana indartsuagoa dutenez, ez dela merkatu beltza eroriko.

Osasun ministroak argi utzi du ez duela nahi Amsterdamen dagoen egoera. Amsterdamen, kriminalizazioa eta merkatu arautua konbinatzen dira. Salerosketa debekatuta dago, baina hainbeste turista erakartzen dituzten coffee shop-ek merkatu beltzean erosten dute saltzen duten marihuana gehiena. Horregatik, Alemaniak ez du bide hori hartu nahi, eta «Europarentzat eredua» izan nahi dutela adierazi du Lauterbachek.

Alemaniatik kanpo

Marihuana legeztatzearen inguruko eztabaida asko aldatu da azken urteetan. AEBetan, 21 estatutan legeztatu dute dagoeneko, eta beste askotan ere legea aldatzeko lanean ari dira.

Europan ikuspegi desberdinak daude. Maltaren ondoren, marihuana legeztatu duten bigarren herrialdea izango litzateke Alemania. Espainian, marihuana kontsumoa oso zabalduta dago, eta, legala ez den arren, klubak ere badaude. Suitzan, iaz proiektu bat jarri zuten abian: Basilea hiriko farmazietan, kontsumo propiorako marihuana saldu zuten talde txiki batentzat. Txekian, Alemania aurkezten ari den legearen berdintsu batean ari dira lanean. Danimarkan, marihuana legeztatzeko proposamena bertan behera utzi zuten parlamentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.