EH Bilduren Iruñeko udal taldeak Cristina Ibarrola alkatearen agerraldia eskatu du irailaren 5eko Lehendakaritza Batzorderako. Azalpenak eskatuko dizkiote, uztailean alkatearen irudia azaldu baitzen bitxi denda baten sare sozialetan, bitxi batzuen sustapena egiten. Zehazki, EH Bilduk Ibarrolari galdeginen dio «azaldu dezala zergatik erabiltzen den bere irudi instituzionala ekitaldi ofizial batean, bitxi denda pribatu bat sustatzeko».
Hau ez da auzia azaleratzen den lehen aldia. Uztailaren 31n, bitxi dendaren argazkiak argitara atera zirenean, informazioa eskatu zuen EH Bilduk, baina, ordutik, UPNk ez du azalpenik eman: «Ia hilabete igaro da bitxien fakturak eskatu genituenetik, eta ez dugu erantzunik jaso, eta alkateak ere ez digu erantzun ea sustapen horretarako baimena eman zuen ala ez».
Zehazki, aurtengo uztailaren 7ko prozesioan, Iruñeko Udalaren agerraldi ofizial batean eta Gaixoa ni ekitaldietan eginiko argazkiak dira bitxi denda horrek Instagramen ikusgai jarritakoak. Horietan, Ibarrola alkatea ikus daiteke, denda horretako bi belarritakorekin eta lepoko batekin. EH Bilduk horien guztien fakturak eskatu ditu, eta, hori egin ezean, hiru galdera planteatuko ditu: batetik, ea bitxiak «maileguan» emandakoak ote diren, «ekitaldi jakin batzuetarako eta kontratu bidezko harreman batekin»; bestetik, alkateak baimena eman ote zuen argazki horiek publizitate asmoekin argitaratzeko; eta, azkenik, ea Ibarrola bat datorren bere irudia horrela erabiltzearekin. «Orain arte, isiltasuna izan da eman diguten erantzun bakarra».
Luxuzko poltsa bat
Tokiko hedabide batek bitxien aferaz galdetu zien bitxi dendaren arduradunei. EH Bilduk salatu duenez, dendariek iradoki zuten halakoak «normalak» direla, eta horren adibidetzat jo zuten «alkateak luxuzko poltsa bat» jaso zuela. «Informazio hori ez dute ukatu, eta, beraz, horri buruz ere galdetuko diogu alkateari agerraldian».
Koalizio independentistak gogorarazi du Gobernu Onaren Kodeari buruzko 2/2011 Foru Legearen 3. artikuluak debekatu egiten diela udal hautetsiei edozein opari onartzea: «Ohiko erabilerez, erabilera sozialez eta kortesiaz harago doan edozein opari, mesede edo zerbitzuri uko eginen zaio».