CAFeko langile batzordeak salatu du «kezkagarria» dela Beasaingo (Gipuzkoa) lantegian azken asteetan gertatutakoa. Aste honetan hiru pabiloi itxi ditu zuzendaritzak, horietako baten teilatua berritzeko lanetan amiantoa agertu delako. Akabera sekzioko 7., 8. eta 9. nabeetako beharginei eragin die erabakiak —200 inguru—, eta haserre handia sortu du. Amiantoa oso material arriskutsua da osasunerako, amianto fibrak edo hautsak arnasteak minbizia eragiten baitu. Langile batzordeak ez du baztertzen auzitara jotzea. «Ziurtatu behar dugu horrelako egoerak ez direla berriro gertatuko».
Orain, lantalde espezializatu bat ari da amiantoa kentzen, eta hiru nabeetako langileak etxean daude. «Baina lau egunez ehunka langile egon dira esposizioan eta inolako babesik gabe». Langile batzuek astebete lehenago jaso zuten abisua, 8. nabekoek, eta, lagin batzuek positibo eman ondoren, aste honetan jaso dute etxera joateko agindua 7. eta 9. pabiloikoek.
Sindikatuen arabera, zuzendaritzak gertatutakoa eta horren ondorioak publikoki «erlatibizatu» egin duen arren, «datu objektiboek» berresten dute hartutako neurriak ez direla nahikoa izan. Azaldu dutenez, 8. nabeko hamabi langileren bidez hartutako hamar aire laginen emaitzek baimendutakoa baino amianto maila handiagoak eman dituzte. Eta ohartarazi dute amiantoa kendu ondoren nabe hori ez bakartzeak 7. eta 9. pabiloietako langileen artean ere kutsatzeko arriskua zabaldu duela, eta «ehunka langileri eragin».
«Langile guztiak arriskuan»
Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak bere «irudia garbitu» nahi duela salatu dute, eta gogoratu dute Osalani egoeraren berri eman zitzaionean ez zuela neurri berezirik hartu. «Agian ez dira konturatu, baina sekzio honetako langile guztien osasuna arriskuan jarri da jada». Langile batzordeak berriz ere ohartarazi du ez duela onartuko inor lan eremu horietara itzultzea «desinfekzio osoa egiten ez den bitartean eta amianto mailak baliogabeak ez diren bitartean».
CAFen aspaldiko ezaguna da amiantoa. Gaur egun ez dute erabiltzen, baina 1990eko hamarkadara arte ohikoa zen han ekoizten dituzten trenetan isolatzaile gisa erabiltzea. Beasaingo lantegiarekin loturik 61 pertsona hil dira mineral hori arnasteak eragindako gaixotasunengatik; haietako hiru beharginen bikotekideak dira.
Hori epaitegiek aitortutako kopurua da, baina, sindikatuek diotenez, ehunka dira gaixotutakoak. 640 pertsonako zerrenda bat dute, eta horiei osasun azterketa bat egiten diete urtero CAFek eta Osakidetzak. Oraingo gertakariak direla eta, nabe horietako langileak zerrenda horretan sartzea eskatu du langile batzordeak. «Amiantoarekiko esposizioa gertatu da dagoeneko, eta gertaera hori atzeraezina da.
Horrekin batera, instalazioetan amiantoa dagoen lekuen mapa bat dute, eta material hori kentzeko plan bat du enpresak. Amiantoa asko erabili zen eraikuntzan ere, eta Euskal Herriko eraikin ugaritan dago gaur egun ere.