«Osakidetzak Gorlizen, Plentzian, Barrikan eta Lemoizen [Bizkaia] eskaintzen duen pediatria zerbitzuaren prekaritatea salatu nahi dugu», salatu dute gaur Gorlizko eta Plentziako gurasoek. Pediatriako zerbitzu duina aldarrikatzeko, elkarretaratzea egin dute eguerdian. Eta, Plentziako jaien bueltan, jende andana bildu da herriko osasun zentroaren aurrean. Pediatriako zerbitzu duinaren alde Uribe Kostan lelopean, zerbitzu hori urte osoan ziurtatzeko eskatu diote Osakidetzari hainbat guraso, haur eta herritarrek.
June de la Maza eta Olatz Martin gurasoek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez ditu medikuen oporraldiak betetzen. Hori dela eta, esaterako, Gorlizko pediatrak oporrak hartzen dituenean, pediatra barik geratzen da herria. Arazoa larriagoa da udan, udalerri horietako biztanle kopurua ugaritu egiten baita. Egoera horrek seme-alaben osasuna «arriskuan» jartzen duela salatu dute.
Arrisku hori hurbiletik bizi izan zuen Martinek iragan astean. 3 urteko haurra zorabiatuta eta izerditan zegoenez, Gorlizko osasun zentrora joan zen. Pediatra ez zegoen; eta erizainak artatu zuen. Hark erabaki behar izan zuen beste zentro batera eraman edo ez. Hipogluzemia diagnostikatu eta, azukrea eman ostean, haurrak eta Martinek osasun zentrotik alde egin zuten. Etxera bidean, umeak okerrera egin zuen eta osasun zentrora bueltatu zen. Erizainak berak autoan eraman zituen ama eta semea Plentziako osasun zentrora. Hori zen aukera bakarra: Urdulizko ospitaleak ez du pediatria zerbitzurik, eta ez zuten Gurutzeko ospitalera iristeko denborarik.
Hipogluzemia larria diagnostikatu zioten Plentzian. Hori dela eta, pediatrak larrialdiko tratamendua eman zion haurrari; gainerako pazienteak, beraz, ez zituen artatu. Ordubetez saiatu ziren haurraren odolean azukre maila normalizatzen, baina ez zuten lortu. Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Bertako alta txostenak jarraipen pediatrikoa ezarri zuen hurrengo bi egunetan. Hala ere, gurasoek salatu dutenez, haurrari dagokion pediatra ez da lanera bueltatuko irailaren erdialdera arte. Gorlizen ordezkorik ez dagoenez, Plentzian eskatu behar dute ordua. «Baina pediatrak lanaldi murrizketa du, eta, hura ez dagoenean, familia mediku batek pasatzen du kontsulta, eta bere esku dagoena egiten du».
De la Mazak eta Martinek eskerrak eman dizkiete haurra artatu zuten profesional guztiei. «Umearen ongizateari begira, eskerrak eman nahi dizkiegu hartutako erabaki guztiengatik; dituzten baliabideekin, euren esku zegoen guztia egin zuten eta, horri esker, umea ondo dago gaur». Izan ere, azaldu dutenez, medikuak «larrituta» daude: «Profesional batzuk haiei ez dagozkien konpetentziak hartzen ari dira».
Era berean, Osakidetzak «komunikabideen bitartez» argitaratutako erantzun «lotsagarria» salatu dute: «Komunikatu horretan, Osakidetzak ez du inolako autokritikarik egiten, arazoaren ardura asumitu beharrean, langileen gain uzten du erantzukizun guztia. Jokabide zikina iruditzen zaigu».
Gaia Eusko Legebiltzarrera
Gertakaria ez da salbuespena, De La Mazak eta Martinek gogoratu dutenez. «Ez da gertaera bakartu bat; icerbergaren punta da». Izan ere, 2019an, mobilizazioak eta kexa formalak egin zituzten gurasoek, arrazoi bera zela medio. Urte bereko uztailaren 26an, Osakidetzak eskaerei erantzun egin zien, «egoera hori amaitzeko neurriak» hartuko zituela esanez. «Duela lau urteko egoera berean edo okerragoan gaude; agindutako neurriak ez dira bete». Horregatik, Osakidetzari eskatu diote pediatria zerbitzua urte osoan zehar ziurta dezala, pediatriako langile guztien bajak, lanaldi murrizketak eta oporraldiak betez. «Euskal osasun zerbitzuak gure seme-alaben osasuna bermatuko duen zerbitzu duina eskaini dezala».
De La Mazak esan du EH Bilduren dei bat jaso dutela, gaia Eusko Legebiltzarrera eramateko asmoa dutela esanez. «Kasu konkretu aprobetxatu nahi dute gaia berriro mahai gainean jartzeko; ea egoerari buelta ematen diogun».