Arrantza

Berdela, ur hotzagoen bila

Aztiren ikerketa baten arabera, itsasoa gradu bat berotzen den gradu bakoitzeko berdelak 370 kilometro iparralderantz eramaten du errutea. Txitxarroak, berriz, hamabi egun aurreratzen du ugalketa.

Berdela deskargatzen, Pasaian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko irailaren 6a
12:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Oso kezkatuta azaldu ziren udaberrian euskal arrantzaleak, berdela arrantzatzeko zailtasunak zirela eta. Arrain hori harrapatzeko amua erabiltzen duten itsasontziek kuotaren erdia ere ez zuten bete ahal izan. Harrapaketa hobeak izan zituzten ainguraketako ontziek —kuotaren %90bete zuten—, baina denek esan zuten berdela bere ohiko ibilbideak eta jokabideak aldatzen ari dela.

Arrantzaleen galderei erantzun bat eman nahi diezaieke Aztik 1992an hasi eta gaur kaleratu duen azterketa batean. Haren arabera, itsasoaren berotzeak iparralderantz eramaten ari da berdela, gero eta gehiago, eta txitxarroaren ugalketa ere aztoratu du.

Zentro teknologikoko ikerketa talde horrek bi espezie horien migrazio eta biologia aldaketak aztertu ditu, eta ondorioztatu du itsasoa berotzen den gradu bakoitzeko berdelak 370 kilometro iparralderantz eramaten duela bere arrautzen errutea. Txitxarroari dagokionez, tenperaturaren igotzeak hamabi egun inguru aurreratzen du ugalketa.

Aztik azaldu duenez, arrautzak erruten dituzten sasoia «kritikoa» da berdelaren eta txitxarroaren bizitzan.

Edonola ere, Aztik nabarmendu du bi espezie horien migrazioetan ikusitako aldaketak «arinak» direla. Horregatik, «ez dirudi aldaketa horiek berdelaren eta txitxarroaren arrantza aldatzen dutenik Bizkaiko golkoko ontzientzat».

Ikerketa zentroak bi espezieak aztertzen jarraituko duela agindu du, «klima aldaketaren aurreikuspenek adierazten baitute ozeanoa orain arte ikusi baino gehiago berotu dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.