Euskaltzaleen eta independentisten «indarrak batu» nahi ditu Euskal Herrian Euskaraz-ek

Euskaltzale Independentiston Topaketak egingo dituzte urriaren 7tik 8ra Villabonan.

Gaur aurkeztu dituzte Euskaltzale Independentiston Topaketak, Villabonan. GORKA RUBIO / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko irailaren 7a
14:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskaltzaleek eta independentistek «indarrak batzeko» eta «norabide berean arraun egiteko» helburuarekin antolatuko dituzte Euskaltzale Independentiston Topaketak. Gaur aurkeztu dute ekitaldia Villabonan (Gipuzkoa). Herri berean egingo dituzte topaketak, urriaren 7an eta 8an.

Luken Etxabe eta Ihintza Gurrutxaga Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeko kideek azaldu dute ideiaren jatorria: «Pandemia garaian egindako barne prozesu baten ondoren, EHEk, lehen aldiz, esplizituki, eragile independentista modura aitortu du bere burua».

Hortik abiatuta antolatu dituzte topaketak; hiru helbururekin: Batetik, prozesu euskaltzaleak eta burujabetzaren aldekoak «elkar nola indartu edota elika» ditzaketen hausnartu nahi dute. Bestetik, euskalgintzaren erronka berrien inguruan gogoeta egin, eta «Euskararen Errepublikaren norabidean kokatzeko» asmoa dute. Eta, azkenik, euskaltzale independentisten komunitatea «saretu eta indartu» nahi dute topaketetan.

Bi eguneko egitaraua osatu dute. Kontzertuak, otorduak, tailerrak, jokoak... antolatu dituzte. Topaketei hasiera emateko mahai inguru bat egingo dute, eta bertan egongo dira Amets Aranguren, Amets Arzallus, Eneko Bidegain, Estitxu Garai eta Lorea Agirre. Antolatzaileek izena emateko galdetegi bat prestatu dute. Frontoi estalian gaua igarotzeko aukera egongo da; aukera hori galdetegian adierazi behar da. Baita parte hartu nahi dutenetakoren bati jakiren batek alergia edo intolerantziarik eragiten dion ere.

Topaketetako abestia

Topaketen abestiaEuskal Herrian Euskaraz kantuaren bertsio bat izango da. Kimetz Zenitagoia, Dummy da sortzailea, eta kantuan parte hartu dute Bad Sound System, Iheskide eta Gora Etorri taldeetako hainbat kidek. Abuztuan aurkeztu zuten, Bilboko Aste Nagusian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.