Europako Batasuna

Hazkunde aurreikuspena apaldu egin du Europako Batzordeak

Euroguneko ekonomia aurten %0,8 haziko dela uste du, udaberrian %1,1 handituko zela iragarri bazuen ere. Inflazioa %5,6era jaitsiko da, eta diru politika zurrunak ekonomia geldotzen jarraituko du.

Paolo Gentiloni, Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa, gaur Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Irune Lasa.
2023ko irailaren 11
12:28
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako eta euroguneko ekonomiak ahul jarraitzen du, nahiz eta hazten segitu. Horregatik, Europako Batzordeak apaldu egin ditu maiatzean urte honetarako egindako hazkunde aurreikuspenak, eta baita datorren urterako iragarpenak ere.

Hala, Bruselak uste du aurten Europako barne produktu gordina %0,8 handituko dela —maiatzeko %1etik—, eta 2024ko hazkundea %1,4koa izango dela —%1,7tik—.

Euroguneko ekonomiarentzako iragarpenak ere neurri bertsuan apaldu ditu; 2023an eurogunean barne produktu gordinak %0,8ko hazkundearekin itxiko du urtea —maiatzeko %1,1eko iragarpenetik behera—, eta 2024an %1,3ko hazkundea izango da, maiatzean %1,6koa iragarri bazuen ere.

Inflazioak behera egiten jarraituko duela iragarri du Bruselak, baina oraindik goian ibiliko da. Europako inflazio harmonizatua %6,5an geldituko da aurten, eta %3,2an datorren urtean. Eurogunerako apalagoak dira datuak: inflazio harmonizatua %5,6ra jaitsiko da aurten, eta %2,9ra datorren urtean.

Eskari ahula

Hazkunde apalagoaren iturrian, barne eskari eta kanpoko eskari ahulagoak daude. Inflazioak uste baino ondorio handiagoak ekarri dizkio Batasuneko kontsumoari, nahiz eta energia prezioak murriztu diren eta lan merkatu sendoarekin soldatak igo diren. Ekonomia dagoeneko igartzen ari da inflazioari aurre egiteko martxan jarritako diru politika zurrunagoaren eta kredituen murrizketaren eragina. «Industria ahul dago, eta zerbitzuak, motel, nahiz eta udan turismoaren alorra sendo ibili den herrialde askotan».

Kanpo eskarian, berriz, munduko ekonomian gauzak hobetoxeago joan diren arren —Txinaren geldotzea gorabehera—, hortik ez da egon eta ez da espero bultzada handirik Europako jarduera ekonomikoarentzat. Horiek horrela, ekonomiaren gaur egungo ahulezia 2024. urtera ere luzatzea espero du Bruselak, nahiz eta goraldi txiki bat iragarri, inflazio apalxeagoa eta lan merkatu indartsua direla eta.

Inflazioari buruzko aurreikuspenetan, aurten energiaren prezioak merkatuko badira ere, jaitsiera motelagoa izango da orain artekoa baino. Hurrengo urterako, energia garestiagoa aurreikusten du Bruselak, batez ere petrolio garestiagoaren ondorioz. Elikagaien eta industria gaien prezioek ere behera egitea espero du, eta zerbitzuetako inflazioaz uste du diru politika zurrunarekin joango direla prezio horiek ere txikitzen, orain arte iragarri baino iraunkorragoak izan badira ere.

Arriskuak

Bruselak esan du Ukrainako gerrak eta beste tentsio geopolitikoek ziurgabetasun handia gehitzen dietela iragarpenei. Uste du, era berean, diru politika zurrunak uste baino pisu handiagoa izan dezaketela jarduera ekonomikoan, baina era berean, inflazioa azkarrago apaltzea ekartzen badu, herritarren diru sarreren mesederako.

Bruselaren arabera, aurreikuspenetan pisua izan dute klimari loturiko arriskuek ere, «uda honetako muturreko eguraldiak, eta inoiz ez bezalako sute eta uholdeek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.