LAB sindikatuak adierazi duenaren arabera, joan den ostiralean 54 urteko langile bat hil zen Elorrion (Bizkaia), basoan lan istripu bat izan zuela eta. Antza denez, zuhaitz batek buruan jo zuen gizona irailaren 5ean, eta istripu horrek eragindako zauriak direla-eta hil zen, hiru egun geroago.
Sindikatuak egin ohi duen kontaketaren arabera, aurten 33 pertsona hil dira jada Euskal Herrian lanean, eta beste hiru euskal herritar hil dira Euskal Herriko mugetatik kanpo lanean zebiltzala. Azken bederatzi egunetan lau langile hil dira Euskal Herrian.
LABen arabera, basogintzaren sektorean urtero hiltzen da langileren bat, nahiz eta «langile gutxiko» sektorea izan. Salatu du langileek lan baldintza prekarioak dituztela sektoreko enpresek etekinak lor ditzaten, eta lan segurtasuneko baliabideetan gutxi inbertitzen dutela. «Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean aritzea, errekurtso prebentiborik eta formakuntzarik eza, lan tresna desegokiak, malda handiko lan eremuak eta lan erritmo oso altuak» eguneroko gauza direla adierazi du.