AEB-AK

Bidenen aurkako ‘impeachment’-a agindu du AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente errepublikanoak

Kevin McCarthyk eskatu du abiatu dezatela AEBetako presidentearen kontrako ikerketa politikoa, ustez haren seme Hunter Bidenen negozioak babesteagatik; atzerriko enpresekin merkataritza akordioen bitartez dirutza egin izana leporatzen diote.

AEBetako Ordezkarien Ganberako errepublikanoen buru Kevin McCarthy, gaur, Kapitolioan, Washingtonen., . SHAWN THEW / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko irailaren 12a
20:06
Entzun 00:00:0000:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenen kontrako impeachment-a edo kargutik kentzeko ikerketa prozesua abiatzeko agindu du gaur Ordezkarien Ganberako presidente eta Alderdi Errepublikanoko buru Kevin McCarthyk, Etxe Zuriko maizterrak ustez haren seme Hunter Bidenen negozioak babesteagatik; atzerriko enpresekin merkataritza akordioen bidez dirutza egin izana leporatzen diote.

Aurrez eskatu bezala, gauza bera esan du McCarthyk Kapitolioan, urte politiko berriaren lehen egunean, Bideni aipamena eginez. «Presidenteari eta haren taldeari dei egiten diet ikerketa gardenaren alde erabat lankidetzan aritzera. Estatubatuarrei erantzuna emateko konpromisoa dugu. Frogek eramaten gaituzten lekura joango gara», esan du Ordezkarien Ganberako presidenteak, eta oroitu du ez duela erabaki hori «arinkeriaz» hartu.

Altxorraren Sailaren arabera, Bidenen familia eta beste negoziazio bazkide batzuk 150 transakziotan baino gehiagotan daude inplikatuta. McCarthyk ziurtatu duenez, Biden Etxe Zurian dagoenetik haren sendiak hogei milioi dolar irabazi ditu merkataritza akordioei esker. «Salaketa serioak egin arren, badirudi Bidenen familiak tratu berezia jaso duela gobernuaren aldetik».

Buruzagi errepublikanoaren adierazpenen ostean, Etxe Zuriko eledun Ian Samsek X sare sozialean gogorarazi duenez, behe ganberak «bederatzi hilabetez ikertu du estatuburua, eta ez du irregulartasunean ebidentziarik aurkitu».

Bidenen kontrako impeachment-a abiatzeko Ordezkarien Ganberak onartu behar du lehendabizi. Halere, oraindik ez dago argi McCarthyk errepublikano moderatuen babesa izango duenik. Aurrera eginez gero, Senatura iritsiko litzateke, baina are zailagoa dauka onartzea, demokratek baitute gehiengoa; senatarien bi herenek baino gehiagok baiezkoa eman beharko lukete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.