Batasunaren kontrako operazioa

Goirizelaia: "Salbuespen egoera juridikoa da hau"

Espainiako Estatuan "botere judizialaren eta politikoaren artean akordioa" dagoela salatu du abokatuak Batasunaren kontrako operazioa baloratzean. Barrenak berretsi egin du PSOEren "mendekua" izan dela.

2007ko urriaren 8a
18:23
Entzun
Jone Goirizelaia abokatuaren ustez, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta egin duten Batasunaren kontrako operazioak "hau salbuespen egoera juridikoa dela erakusten du". Batasunaren 17 kide kartzelara bidali zituen atzo Garzonek -"erakunde armatuko kide" izatea leporatuta-, lau aske utzi zituen bermepean eta beste bi baldintzarik gabe. "Eskandalua" iruditzen zaio hori guztia Goirizelaiari. Pernando Barrena Batasunaren buruzagiak eta biek eman dute gaur prentsaurrekoa, Donostian.

Espainiako Estatuan "botere judizialaren eta politikoaren artean akordioa" dagoela salatu du Goirizelaiak, eta

ezker abertzalearen "ideiak kriminalizatu" nahian dabiltzala; "independentzia eta sozialismoa alegia, baina helburuak behin ere ez dira indarkeriazkoak. Izatekotan, bitartekoak dira indarkeriazkoak". Garzonek, ordea, preso sartu dituen kideei buruz autoan halako frogarik ez duela aurkeztu esan du abokatuak. "Ekainean haien bilerak zilegi zirela dio, bakea bilatu nahi zutela argudiatuta, eta orain ez direla zilegi. Hemen helburua aldatu duena Garzon bera da, eta badirudi epaile hau legediaren gainetik dagoela".

Barrenak gaur berriro aipatu du PSOEren "mendekua" izan dela lehengo asteko operazioa. "Alderdi sozialistak erridikulurik handiena egin zuen prozesu negoziatuan nazioarteko behatzaileen aurrean, eta erridikulua eginda mahaitik altxatu zen une hartan bertan erabakita zeukan hori ezker abertzaleari ordainarazi egingo ziola".

Unea "zaila" izan arren, "burua hotz" mantendu behar dela adierazi du Barrenak, eta ezker abertzaleak, "ekimen politikoa hartuz", "ahaleginak biderkatu" egingo ditu bakea eta marko "demokratikoa" lortzeko. 1997an HBren Mahai Nazionala espetxeratu zutenean ere gauza bera egin zutela azpimarratu du.

"Independentismoaren operazio integrala"

Komunikabide batzuk Espainiako Justiziak hurrena EHAKren eta EAE-ANVren kontra jo dezakeela iragartzen ari dira egunotan. Nekane Erauskin EHAKren legebiltzarkidearen iritziz, "euskal independentismoaren aurkako operazio integrala" egiten ari dira, "helburu politiko argiarekin, eta horri historikoki 'faxismoa' deitu izan zaio. Zapaterori esan behar zaio ez duela lortuko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.