Albistea entzun

Bera barnean zela denda amilduta hil zen Golovtxenko gau betean

Sergey Nilov sokakideak istripuaren eta bere jaitsiera epikoaren xehetasunak eman ditu, Mountain.ru atariari eskainitako elkarrizketan.

Dmitry Golovtxenko, Gasherbrum IVko espedizioan.
Dmitry Golovtxenko, Gasherbrum IVko espedizioan. Mountain.ru Tamaina handiagoan ikusi

Ramon Olasagasti -

2023ko irailak 14

«Sergey, erortzen ari naiz», horiexek izan ziren Dmitry Golovtxenko alpinista errusiarraren azken hitzak Gasherbrum IV mendian (7.925 m). Abuztuaren azken eguna zen. Hego-ekialdeko ertz eskalatu gabean, 7.684 metrora heldu ziren egun hartan Dmitry Golovtxenko eta Sergey Nilov. Gaua igarotzeko prestatzen ari zirela gertatu zen ezbeharra. Anna Piunnova Errusiako Mountain.ru mendiko atariaren zuzendariari emandako elkarrizketan azaldu du Nilovek gertatutakoa.

Nilov eta Golovtxenko abuztuaren 21ean abiatu ziren kanpaleku nagusitik gailurrerako saioa egiteko asmoarekin. Eguraldi baldintza nahiko makurrak izan zituzten hasieratik, haize zakarra, elurteak..., eta erlaitz txikietan eserita, elkarrengana arrimatuta, igaro zituzten zenbait gau, eskalatzeko asmoa zuten ertzak aukera gutxi eskaintzen baitzuen denda jartzeko. Egunean doi-doi luze pare bat egiten zituzten hego-ekialdeko ertz horretan, eta halabeharrez janaria eta gasa murriztu behar izan zituzten, hurrengo egunetan iraun ahal izateko.

Abuztuaren 27an, eguraldiak zertxobait hobera egin eta azkartu egin zuten erritmoa. Abuztuaren 31n, 7.684 metrora heldu ziren. Gertu sumatzen zuten gailurra. Lepoxka txiki batean muntatu zuten denda, gaua igarotzeko. Elurrez eta harriz sendotu zuten nolabait denda, segurtasuneko soka bat jarri zuten harri batean eta beraiek sokara lotu ziren. Dendaren barnean tea hartzen eta lotarako prestatzen ari zirela, jabetu ziren denda ez zegoela ondo finkatuta.

Denda, 7.684 metrotan kokatua. Korridore horretan behera irrist egin eta amildu zen, Golovtxenko barnean zela. Sergey Nilov / Mountain.ru

Sergey Nilov segurtasuneko sokaren mutur bati lotuta, kanpora atera zen, plataforma zabaltzen eta denda orekatzen saiatzeko. Korapiloa egin eta Golovtxenkori bota zion soka, hau ere lotu zedin. Golovtxenkok desorekatutako dendaren barnean jarraitzen zuen, barneko materialari nola edo hala eutsi nahian, gal ez zedin. Ez zuen denborarik izan sokara lotzeko. Bat-batean, denda irrist egiten hasi zen. «Sergey, erortzen ari naiz», esan zuen orduan Golovtxenkok, eta denda mendian behera amildu zen, alpinista errusiar handia barnean zela.

Nilovek egunsentira arte itxaron behar izan zuen jaitsierari ekiteko. Lehen geruza baino ez zeraman soinean. Gainerakoa, dendarekin batera galdu zuen. Laguna erori zen lerroan behera rappelatzea erabaki zuen. Beheranzkoan, material arrastoak aurkitu zituen, eta haiei esker salbatu zuen bizia. Hamabost rappel egin zituen, ainguraleku seguruak finkatzeko gorriak eta bi pasata. Lo-zaku bat ere aurkitu zuen, eta hari eskerrak igaro zituen hurrengo gauak, elurretan kobazuloak eginda.

Glaziarrean, lagunaren gorpua ere aurkitu zuen. Dendaren oihalarekin bildu, azken agurra eman, eta kanpaleku nagusirantz jarraitu zuen. Bost egunen buruan, ezer jan eta edan gabe (su txikia aurkitu zuen, baina puskatuta) heldu zen azkenik kanpalekura. Izozteekin, erabat ahituta, muga-mugan, baina bizirik.

Anna Piunnovak, Mountain.ru atariko zuzendariak, Golovtxenkoren familiaren gertukoa izanik, haren izenean eskatu du gertatutakoarekin ez espekulaziorik eta epairik egiteko, eta gertatutakoak gertatu diren bezala onartzeko. Golovtxenkok bi alaba zituen.

Dmitri Golovtxenkok eta Sergei Nilovek munduko sokaldirik indartsuenetako bat osatzen zuten. Urrezko bi piolet zituzten (mendian ematen duten garaikur nagusia da urrezko pioleta): bata, Thalay Sagar mendian 2016an zabaldutako bideagatik (Dmitri Grigoriev izan zuten sokakide); eta, bestea, 2012an, Muztagh Tower mendiaren ipar-ekialdeko ertzaren lehen igoeragatik (Alexander Lange lagun zutela). 2019an, berriz, berealdiko ahalegina egin zuten Jannu mendiaren ipar-ekialdeko aurpegian. Jaitsiera hil edo bizikoa, epikoa, izan zen. Espedizio hartatik film bikaina sortu zen: The Wall of Shadows (Itzalen horma). Hemen ikus dezakezue trailerra..

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Clementine Geoffray eta Alain Santamaria, garaipena eta errekorra Gorbeia Suzien proban

Geoffray eta Santamaria, garaipena eta errekorra Gorbeia Suzien proban

Ramon Olasagasti

Emakumezkoetan, frantziarrak jaitsieran hartu die aurre lehiakideei. Gizonezkoetan, Ezcarayko (Errioxa, Espainia) korrikalariak ondo eutsi dio gurutzera iristeko azken maldetan lortutako aldeari. Onditz Iturbe eta Markel Urigoitia izan dira lehen euskaldunak.

Noemi Vachon frantziarra, iazko irabazlea, probako une batean. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Oilarren arteko lehia izango da bihar Gorbeia Suzien proban

Ramon Olasagasti

Skyrunning World Series zirkuituko hamaikagarren proba izango da Zeanurikoa, azken aurrekoa. Iris Pessey frantziarra eta Antonio Martinez espainiarra sailkapen nagusiko lehen postuari eusten saiatuko dira, baina estua izango da dema. Bihar bada beste topaketa bat ere: Skyrhune proba, Azkainen (Lapurdi), Euskal Herriko Kopako azkena.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Zorte handia izan dut hainbat lasterketatan»

Unai Ugartemendia

Ultratrailen historian hizki larriz idatzita dago Javi Dominguez mendiko korrikalari gasteiztarraren izena. Munduko lasterketarik esanguratsuenetan aritu da, ondo aritu ere: uztailean, hirugarren izan zen Hardrock ospetsuan, AEBetan.
BERRIAlagunen taldea Olibesarioko saroian, Euskal Herriko erdigune geografikoan. ©Uxue Barrenetxea

Euskara Euskal Herriaren erdigunean

Ramon Olasagasti

Hogei BERRIAlagunek txangoa egin dute gure lurraldearen epizentro geografikora, Andiamendira. Mikel Arrizabalaga gidari zutela, Unanutik (Nafarroa) abiatu eta Beriain tontorra jo dute, behe-laino artean, eta ondoren Lezizoagako bidetik egin dute itzulera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.