Futbola
Athleticeko jokalariak Espainiako bandera kenduta agertu dira 'FC 24'-ko txartelekin
Espainiako Ligaren babesle nagusia da EA Sports bideojoko enpresaren joko berria. Ligako jokalari guztiek erakutsi dituzte txartelak azken jardunaldian, baina Athleticekoenak ezberdinak izan dira.

Aurtengo denboraldirako babesle berria du Espainiako Ligak: FIFA bideojoko arrakastatsuaren ondorengoa, EA Sports FC 24 —FIFA Nazioarteko Futbol Federazioarekin zuen akordioa amaitu du EAk—. Han, jokalari bakoitzak txartel bat izaten du, non agertzen diren haren puntuazioa, postua, jokatzen duen liga, taldea eta nazionalitatea. Aste honetan, ligako bosgarren jardunaldian, FC 24-ren publizitaterako, txartel horiekin agertu dira jokalari guztiak neurketen aurretik.
¡Los jugadores de #LALIGAEASPORTS posan con sus ítems de #FC24! ðÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂð½ pic.twitter.com/E1JWlGNLOc
— EA SPORTS FC ESP (@easportsfces) September 16, 2023
Athleticeko jokalarienak, ordea, ezberdinak izan dira. Txartel horiek jasotzen dituzten datuetako bat falta zuten: herritartasunarena. Zuri-gorrien filosofia dela eta, gaur egun lehen taldea osatzen duten jokalari guztiek Espainiako bandera izango zuten txartel horietan —ez dago Ipar Euskal Herriko jokalaririk—, Iñaki Williamsek izan ezik. Hark Ghanakoa izango luke, baina hura ere banderarik gabeko txartelarekin jarri zen kameren aurrean Cadizen aurkako partidaren aurretik, herenegun.
Athleticek ez du erabakiaren nondik norakoen azalpenik eman, baina Espainiako hainbat kirol kazetariren arabera, klubak berak eskatu du txartelak banderarik gabekoak izan zitezela. Gainontzeko euskal taldeen txartelek izan dituzte banderak.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.