Albistea entzun

Migrazioa

Lampedusak gainezka egin ostean, Italiak etorkinen kontrako jarrera gogortu du

Migratzaileak atxikitzeko epea luzatu du Erromak, eta atxilotze zentro gehiago eraikiko dituela jakinarazi du, Von der Leyenek uhartera egindako bisitaren biharamunean.

Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa, atzo, Lampedusa irlan (Italia), migratzaileek erabilitako ontziei begira
Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa, atzo, Lampedusa irlan (Italia), migratzaileek erabilitako ontziei begira FILIPPO ATTILI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2023ko irailak 18 09:26

Etorkinen etorrera jendetsuaren ondorioz Lampedusak gainezka egin ostean, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak egoera hori errepikatzea eragotzi nahi du, eta, batez ere, asilo eskatzaile gehiago herrialdera ez iristea. Horretarako, neurri zorrotzagoak hartzea erabaki du, uharte horretan joan den astean gertaturikoa —hiru egunean 8.500 etorkin heldu ziren 6.000 biztanlerako irlara— kolpe gogor bat izan baita haren sinesgarritasunarentzat, kontuan harturik joan den urteko bozak migrazioaren kontrako diskurtsoa erdigunean jarrita irabazi zituela. Melonirentzat, asilo eskatzaileen aurkako jarrera gogortzea eta horien egoera okertzea da irtenbidea; gobernuak gaur jakinarazi duenez, luzatu egingo dute migratzaileak atxikitzeko denbora, eta atxilotze zentro gehiago eraikiko dituzte.

Erromaren erabakia ekimena berreskuratzeko estrategiaren parte da, orain arteko saiakerek ez baitute etorkinen kopurua jaisteko balio izan. Horren erakusle, kopuru ofizialak: aurten 127.000 migratzaile baino gehiago heldu dira Italiara, iaz epe berean heldutakoak halako bi ia.

Joera aldatu nahi du Italiako Gobernuak, eta hori lortzen saiatzeko zera egin du: aberriratzea itxaroten ari diren etorkinak atxilo izateko denbora hiru hilabetetik urte eta erdira igo du, eta atxilotze zentro gehiago eraikiko ditu, batez ere «eremu bakartuetan». Eta Melonik atzo Lampedusan egindako bisitan azaldu zuenez, EB Europako Batasunaren itsas misio bat ere nahi du Mediterraneoan; hori proposatuko die EBko beste estatu kideei, datorren hilabete amaieran egingo duten Europar Kontseiluan. «Oraindik ere uste dut ez dugula inoiz [migratzaileen afera] konponduko soilik birbanaketaz arituta; hau konpontzeko modu bakarra irteerak gelditzea da», argudiatu zuen Italiako lehen ministroak. Horretan sakondu nahi du, Bruselak hilabeteotan egin duen antzera.

Eta talde komunitarioaren estrategiaz aritu zen atzo, hain justu, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Hura ere Lampedusan izan zen, Melonirekin eta Europako Batzordeko Barne komisario Ylva Johanssonekin batera, eta bisita hori baliatu zuen Europako Batzordearen urteotako jarreran sakontzeko. Bide batez, beste behin ere, Von der Leyenek agerian utzi zuen Bruselak eta Erromak migrazioaren aferan duten jarrera nahiko antzekoa dela; besteak beste, «erantzun koordinatu bat» iragarrita, eta lehentasuntzat jarrita etorkin gehiago ez heltzea Europara.

«Niretzat oso garrantzitsua da, migrazio irregularra Europaren erronka bat baita, eta Europaren erantzun bat behar baitu. Hortaz, elkarrekin gaude. Guk erabakiko dugu nor datorren Europako Batasunera eta zer baldintzatan; ez trafikatzaileek».
Europako Batzordeko presidenteak hamar puntuko plan bat ere jakinarazi zuen horretarako, baina, praktikan, ez zuen berritasunik iragarri, orain arteko neurriak errepikatu baitzituen, modu batera edo bestera. Eta agerraldi horretatik egun batera, gaur, Porto Empedocleko identifikazio zentroan (Italia) zeuden ehun bat etorkinek ihes egin dute; Lampedusara iritsi ziren migratzaileetako batzuk ziren, eta irla horretatik eraman zituzten Porto Empedoclekora.

Bien bitarterako, Italiak EBko beste estatu kide baten berehalako lankidetza izango du. Frantziako Barne ministro Gerald Darmanin Erromara joan da gaur, eta laguntzeko prestutasuna helarazi dio Italiako Gobernuari etorkinen etorrera gelditzeko. Bidaia horren aurretik CNews telebista kateari emandako elkarrizketan, Darmaninek azaldu du «muga kontrolatzeko laguntza» emateko prest dagoela Paris, joan den ekaineko migrazio itunak jasotzen duen modura. Hori bai, Barne ministroa argi mintzatu da: Melonik EBko estatu kideei laguntza eskatu dien arren, Frantziak ez du migratzaile gehiago hartuko.

Tunisiako ituna «ulertezina» da estatu kide batzuentzat

Iragan uztailean, talde komunitarioak eta Tunisiak migrazio akordio bat egin zuten. Bilioi bat euroren truke, besteak beste, Tunisek konpromisoa hartu zuen mugako kontrol zorrotzagoak egiteko. Horri buruzko adostasuna, ordea, ez da erabatekoa izan EB barnean, estatu kide batzuentzat «ulertezina» baita akordio hori egin izana.

Josep Borrell diplomaziaburuak hilaren 7an bidalitako mezu batean dioenez, «estatu kide batzuek kezka» agertu zuten batzordearen «alde bakarreko» erabakiaren inguruan, baita akordioaren «eduki batzuez» ere, The Guardian-ek gaur argitaraturikoaren arabera. Eta itunak jasotzen duenaz harago ere, agintarietako batzuek argudiatu zuten ez zutela hori onartzeko prozedura egokia erabili

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Armeniako Gobernuaren kontrako manifestariak, gaur, Erevanen. ©ANATOLI MALTSEV, EFE

Paxinianen dimisioa eskatu dute milaka herritarrek, «traidore» oihu artean

Gorka Berasategi Otamendi

Armeniako hiriburuan egin duten protestan, manifestariek lehen ministroari egotzi diote ez esku hartzea Azerbaijanek Karabakh Garaiari egindako erasoaren aurrean.

 ©OSKAR EPELDE

«Afrikaren menpekotasun aroa amaitzen ari da»

Oskar Epelde Juldain

Touoyemen arabera, kontinenteko liderren belaunaldi berri batek «forma eman nahi dio bere patuari». Eta sistemaz gogoeta bat plazaratu du: «Afrika demokratizatu behar da, ala demokrazia afrikartu?».
ERCko eta JxCko ordezkariak txaloka, atzo, Kataluniako Parlamentuan ebazpen bateratu bat onartu ondoren. ©Q. GARCIA / EFE

Erreferenduma, negoziaziora

Gorka Berasategi Otamendi

ERCk eta JxCk Sanchezen inbestidurarako baldintza ezarri dute: erreferendum baten alde «lan egiteko» konpromisoa hartzea. PSCk gaitzetsi egin du, eta bozak errepikatzeko aukera aipatu du

Alberto Nuñez Feijoo gaurko inbestidura saioan. ©Sergio Pérez / EFE

Feijook ez du gehiengo soila lortu

Berria

Lehenbiziko bozketan bezala, aldeko 172 boto, kontrako 177 eta baliogabe bat jaso ditu PPko presidentegaiak. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...