Albistea entzun

Euskara

Kontseiluak «atsekabea» azaldu du Europako Batasunak ez duelako erabakirik hartu ofizialtasunaren gainean

Espainiako Kongresuan euskaraz aritzeko aukera izango dela eta, «kezka» adierazi du, euskal alderdietako ordezkariek adierazi baitute gaztelania erabiltzen jarraituko dutela; euskarak «prestigioa eta sustapena» behar dituela gogoratu die

Kontseiluak «atsekabea» azaldu du Europako Batasunak ez duelako erabakirik hartu ofizialtasunaren gainean
Kontseiluak «atsekabea» azaldu du Europako Batasunak ez duelako erabakirik hartu ofizialtasunaren gainean Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2023ko irailak 19

«Atsekabea» azaldu du Euskalgintzaren Kontseiluak gaur Europako Batasuneko Kontseiluak atzeratu egin duelako euskara, katalana eta galiziera Europako Batasunean ofizialtzeko eskabidearen gaineko erabakia. Espainiako Gobernuak eraman du eskea, baina aurrez jakina zen zalantza handiak zeudela gaiaren inguruan adostasuna lortzeko, eta konplitu egin dira susmo horiek. Dudak azaldu dituzte Europako Batasuneko 27 estatuetako ordezkari askok, eta gaia hobeto aztertzea erabaki dute. Hala ere, Espainiako Gobernuko ordezkariek esan dute lanean jarraituko dutela eskabidea konplitu ahal izateko. Zehaztu ere egin dute zer lan erritmo proposatu duten gaurko bileran; aurrena hiru hizkuntzen ofizialtasuna lortzea da asmoa, eta gero katalanaren gaineko erabakiak gauzatzen hastea. Ondoren helduko dira euskara eta galiziera.

Kontseiluaren arabera, Europako Batasuneko Kontseiluaren erabakia «argudio eta oztopo politikoetan» oinarritu da. ELEN elkartean batuta ari da Europako hizkuntza gutxituen aldeko beste hainbat erakunderekin batera. Agerraldia egin zuten atzo Bruselan, eta aldaketak zer «onura» ekar dezakeen nabarmendu zuten. Aldeko botoa eskatu zieten Europako Batasuneko 27 estatuetako gobernuei. Hizkuntzen «prestigioa» areagotzeaz harago, hainbat arlotan aurrerapausoak egiteko bidea arindu dezakeela uste dute.

Horiek horrela, Europako Batasuneko ofizialtasunari ez zaiola uko egin behar pentsatzen du Kontseiluak; gaurko «atzerapenaren» ostean ere euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasuna «arazorik gabe» onartzea espero du. Horretan lanean jarraitu behar dela uste du. «Gaurkoa aukera bikaina zen, gure hizkuntzen aitormenean eta normalizazioan urrats bat egiteko ez ezik, Europako bizilagun guztien hizkuntza eskubideetan sakontzeko». Gaia Europa osora begira da garrantzitsua, Kontseiluaren iritziz. «Euskarari, katalanari eta galizierari ofizialtasuna aitortzea bide bat da Europako beste hizkuntza gutxituei ere aitortza bera egiteko», azaldu du. «Funtsean, bide bat da herritarren berdintasunean, gizarte kohesioan, justizia sozialean eta bizikidetzan sakontzeko».

Espainiako Kongresura begira, «kezka»

Espainiako Kongresuan, berriz, aurreikuspenak aldekoak ziren, eta konplitzera doaz: bidea emango dute euskara, katalana eta galiziera erabiltzen hasteko. Gaur albiste iturri da gaia hizpide hartuta egiten ari diren saioa, eta horren balorazioa ere egin nahi izan du Kontseiluak. Aditzera eman dunez, «aspaldikoa» behar zukeen hiru hizkuntzen erabilerak Kongresuan, baina «ongietorria» eman behar zaio aldaketari. Hizkuntza gutxituei «gutxieneko errespetu demokratikoa» adierazteko era bat dela uste du, aintzat hartu beharrekoa.

Euskal alderdiek, aldaketaren harira, esan dute gazteleraz eta euskaraz jardungo dutela Kongresuan hemendik aurrera, eta Kontseiluak «kezkaz» hartu du jakinarazpen hori. Kataluniako eta Galiziako diputatuen jarrera, alde horretatik, egokiagoa iruditu zaio, esan baitute beren mintzaldiak hemendik aurrera katalanez eta galizieraz egingo dituztela. «Txalotzekoa da». Horiek horrela, horien eredua nabarmenduta, euskal ordezkariei gogoratu die euskarak ezinbestekoa duela «prestigioa ematea eta sustapena», eta aurrerako urratsak egin behar dituztela norabide horretan. Hortik haiei zuzenduriko mezua: «Kontseiluak zinez espero du euskal alderdietako ordezkariek hau guztia kontuan hartzea, eta euskara eta gaztelera erabiltzeko zenbatekoak erabakitzean presente izatea euskararen normalizaziorako zeinen garrantzitsua den eredu ematea, prestigioa ematea eta sustapena».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Azaroko manifestazioa deitzeko egin duten agerrialdia gaur, Bilbon. / ©Aritz Loiola / FOKU

Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera deitu du euskalgintzak

Arantxa Iraola - Olatz Silva Rodrigo

Euskararen aurrerabideen kontra egon diren epaien gaineko kezka azaltzeko egingo den manifestazioaren leloa jakinarazi dute gaur, Kontseiluak deitutako agerraldi jendetsu batean: 'Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat'

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan grebarako deia egin dute, urriaren 24rako

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan grebarako deia egin dute, urriaren 24rako

Arantxa Iraola

Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek egin dute deia; sektore publikorako urriaren 25erako eta abenduaren 19rako eginda dauden deialdiez gain, beste bat gehitu nahi izan dute propio hezkuntzarako

Gaur goizean egin dute lehenbiziko protesta erizainek, Txagorritxun. ©Maixa Utrera Puelles

Txagorritxuko erizainek protesta egin dute, Osakidetzak larrialdietako ebakuntzetan egingo duen murrizketagatik

Maixa Utrera Puelles

ESK sindikatuak salatu du Osakidetzak «bere kasa» hartu duela erabakia, eta elkarretaratzea egin dute gaur goizean, Txagorritxuko ate nagusian.

Larunbatean Araian bildu ziren osasun publikoaren aldeko plataformetako kideak. ©BERRIA

Azaroaren 11n osasun sistema publikoaren alde egitera deitu dute

Edurne Begiristain

Herri plataformek manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.