Kamioi batek eta auto batek elkar jo dute gaur arratsaldean Amurrion (Araba). Autoan zihoan 32 urteko gidaria hil da. Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zerbitzuak azaldu duenez, ezbeharra A-624 errepidean gertatu da, Gasteizerako noranzkoan. 46 urteko kamioilariak, berriz, zauri arinak jasan ditu. Hori dela eta, Gurutzetako ospitalera (Bizkaia) eraman du anbulantzia batek.
Ertzaintza, suhiltzaileak eta osasun langileak bertaratu dira ingurura, eta errepidea bi noranzkoetan itxi behar izan dute. Kilometro batzuetako auto pilaketak sortu dira.