Desgaitasunen bat duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen ia erdiak (%46,5) familiako kide batekin bizi dira
–gurasoekin edo bikotekide batekin–, eta oro har, haien menpe daude ekonomikoki. Gutxi dira bakarrik bizi direnak: hamarretik bi baino ez, eta horietako bat bera ere ez da 18 eta 30 urte artekoa. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eman ditu datuok, desgaitasunen bat dutenen diagnostikoa jasotzen duen txostenaren aurkezpenean. Hirugarren sektoreko erakundeetako, foru aldundietako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin elkarlanean ondu dute txostena, eta Gasteizen aurkeztu dute, kolektibo horren «bizimodu independentearen eredua» bultzatzeko jardunaldien barruan.
Egindako diagnostikoaren arabera, egun 138.662 pertsonak dute desgaitasunen bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan:77.000 gizonak dira, eta 61.000 emakumeak. Biztanleriaren %6,3 dira. Egoera horretan daudenen soslai nagusia hau da: 65 urtetik gorako gizona, % 65etik beherako desgaitasuna duena.
Desgaitasunen bat dutenen artean, hamarretik seik desgaitasun ertain-apala dute –% 65etik beherakoa–, eta herenek % 65etik gorakoa. Gainera, adinez nagusiak dira gehienak: % 4 baino ez dira adingabeak. Elbarrien lan egoerari buruzko datu kezkagarria jaso dute dokumentuan: langabezia tasa % 16,5ekoa da, batez besteko tasa halako bi ia.
Gaixotasun mentalen bat dutenen artean, nabarmen igo da bakarrik edo modu independentean bizi direnen kopurua: 2008an % 9 bizi ziren bakarrik, eta gaur egun, berriz, % 25. Era berean, senideen etxean bizi direnen ehunekoa ia % 30 apaldu da: 2008an, % 73 ziren; 2020an, berriz, % 44,5.
Azpiegiturak eta zerbitzuak eraldatu
Melgosak esan du ezinbestekoa dela desgaitasunen bat dutenen «bizimodu independentearen ereduaren» zutoinak finkatzea, helburua baita azpiegiturak, garraio sistemak, zerbitzu publikoak eta pribatuak, eta jarrera sozialak eraldatzea, «inklusiboak» izan daitezen. Pertsona horiek egunerokoan borrokatu behar dute traba fisiko eta sozialak gainditzeko, baina, Melgosaren ustez, eskubidea dute «duintasunez eta autonomiaz» bizitzeko eta gizartearen parte «aktibo» izateko. Zaintza lanak egiten dituztenen eskubideei ere erreparatu die sailburuak, «beren bizitza aurrera eramateko eskubidea» dutelako.
Desgaitasunen bat dutenen artean, hamarretik bi baino ez dira bakarrik bizi
Desgaitasunen bat dutenen egoeraren diagnostikoa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Biztanleen %6,3k dauka elbarritasunen bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu